GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Euskara ikasteko biderik laburrenean» izena emateko epea zabaldu du AEK-k

p016_f01_148x108.jpg

GARA

AEK «gertu dagoelako», Euskal Herri osoan diren euskaltegiei esker; eta «gertukoa delako», ikaslearekin lantzen duten hurbileko harremana dela-eta, «euskara ikasteko biderik laburrena» aurkeztu zuten atzo Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan.

Dagoeneko martxan da AEK-ko 2009-2010 ikasturteko matrikulazio kanpaina. Urtero bezala, Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundeak eskaintza oparoa egin dio gizarteari. Hizkuntzaren ezagutza maila guztietara egokitutako euskara eskolak izango dira herri guztietako euskaltegietan, 2 orduko ikastaroak hainbat ordu tartetan, eta 4 edo 5 orduko ikastaro trinkoak goizez edota arratsaldez. EGA eta tankerako titulu homologatuak prestatzeko aukera ere izango da.

Euskara ikasteak ez du zertan bakarkako erabakia izan, eta hori kontuan izanda, taldeentzako ikastaroak ere antolatuko dituzte aurten, adibidez, merkatari, enpresetako langile edota koadrilei zuzenduak. Nahi duen orok Bizkaiko Foruko barnetegian ere ekin diezaioke hizkuntzan trebatzeari, bestelako ekintzekin eta irteerekin bat eginez.

Bestalde, autoikaskuntza aukeraren bitartez, norberak bere premien arabera egokitu dezake ikas erritmoa eta ordutegia, tutorearen laguntzarekin, eta mintzapraktikak, berriz, taldean eginez. Era berean, hirugarren maila -EGAren baliokidea-, laugarrena eta idazkuntza tailerra ere online ikastaroen bidez egitea posible izango da. Euskara irakasle izateko prestakuntza ere Internet bidez emango dute.

Eskaintza anitz horrez gainera, material didaktikoaren prestakuntza, itzulpen zerbitzua eta euskararen normalizazioa eta erabilera sustatzeko zerbitzuak ere eskainiko ditu AEK-k.

Mintzapraktika klasetik kanpo

Konfiantza falta, ingurune erdaldunean ibiltzea edota lotsa aipa litezke euskara eskoletan ikasitakoa kalean ez erabiltzeko arrazoien artean. Eta, jakina da, erabiltzen ez den hizkuntza ahaztu eta galdu egiten dela. Horretaz jabeturik, AEK-k orain urte batzuk hainbat programa eta ekintza jarri zituen abian euskaltegitik kanpo euskaraz jarduteko aukerak bideratzeko.

Martxan jarritako ekintza horietatik ezagunenak ahozkoak dira, hain zuzen ere, mintzapraktika egitasmoak. Talde hauetan euskaldun osoak eta euskara ikasleak astean behin elkartu egiten dira, beraiek erabakitako egunean eta lekuan, euskaraz aritzeko eta, bide batez, tarte atsegin bat pasatzeko asmoarekin. Informazio gehiago nahi duenak www.praktikatu.blogspot.com webgunean sartzea besterik ez du.

Bestetik, irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko helburuarekin, AEK-k berak argitaratzen duen «AIZU!» hileroko aldizkaria jasotzen jarraituko dute ikasle guztiek. Gainera, goi mailako ikasleek beste aukera bat ere izango dute, ikasturte honetan, asteburuan ikas-prozesuan sakontzen jarrai dezaten, AEK-k eta «Berriak» hitzarmena sinatu baitute. Hitzarmen horri esker, asteburuko egunkarien harpidetza erdi-prezioan egin ahal izango dute ikasleok. Euskara ikasteko aukera paregabea, beraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo