Gari Mujika Kazetaria
Isiltasuna erantzun
Kazetari ofizio hau askotan kuriosoegia egiten da, ez balitz informazio iturriak gordetzen duen botere izaera eta ondoriozko interesak tartean egon askotan. Eta zer esan, gurean bezala, politikak dena zipriztintzen duenean.
Uda honetan politikagintzak eskaini duen informazio urria ikusita, bada, sortzen aritu dira asko. Ofizioaren funtsa horixe dela esan lezake batek, baina horrekin bilatzen diren helburuek tarte handiegia ezartzen dutelakoan nago.
Adibidez. Amnistiaren aldeko mugimenduko webgunean sartu. Nahiz eta euskara gehiegi ez ulertu, «Amnistia» eguna jartzen duen deialdi bat gorriz markatu. Futbol 7 torneoa, bazkaria eta mus partidak. Nahikoa. Partxisekoak, hurrengo baterako. Informazioa zabaldu; noski, errepresaliatuekin zerikusia duela jarriz. Ordu batzuk geroago, Madrilek debekatu egiten du, «terrorismoa goratzea» egon litekeelako atzean. Eta ondorenean, umorez protestan dabiltzanak egurtzen ditu Poliziak.
Hobea izan zen Tolosakoa. Lau zaborrontzi sutan hasi, aurreko etxeko bizilagunak atera eta suhiltzaileak lanera. Eguna «kale borroka» ekintza deitoratzen zebiltzanak entzunez hasi behar. Azkenean, zalaparta handirik gabe, «terrorista» zigarro bat izan zela esan zuten. Eta oraindik, erratu izana normala zela zioen Tolosako alkateak, ondoan Ertzaintzaren komisaria dagoelako. Albo-alboan, ere ez dago, baina. Espaloia, errepide majoa eta nahikotxo metroko zabalera duen ibaia baitaude tartean. Ez zuen aipatu, ordea, bere herrian, egun berean, Lasa eta Zabalaren hilobien aurka egin zuten erasoa.
Hiru bizitza jokoan izan dira istripu larri batean, sakabanaketak eragindako beste istripu batean. Tristea da zaborrontziei garrantzi gehiago ematen ikustea. Baita arduradun politikoak dituen espetxe politika horrek eragindako istripuaren salaketa ere isilarazi nahi izatea. Finean, hori ere bada-eta estropadetako urteroko manifestazioan, azken hamarkadotan, salatu izan dena.
Eta zer esan Lizartzaz. Herriak hautaturiko zinegotzia espetxera, protesta egiteagatik. Baina inortxok ere ez du ahotsa goratu. Azken bost hilabeteotan ere ez du inork egin, kalean ez bada, baina igandean Joseba Egibar jeltzaleak Jon Anza ETAko militante desagertuaz galdetu zion Rubalcabari. Bere galderek isiltasuna jaso dute erantzun. Bost hilabeteotan bezala.