GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

AHT berriaren ibilbidearen perimetroa

Larrun mendia zulatzeko arriskua, trenbide berriaren egitasmoan

Irailaren 17an, Baionako Subprefekturan Frantziako Trenbide Sarearen, Ipar Euskal Herriko hautetsien eta hainbat erakundeetako ordezkarien artean egitekoa den bilkuran ofizialki aurkeztuko dute trenbide berriaren ibilbidearen peri- metroa. Ondoko hilabeteetan, gune horretatik abiatuta ikerketak egingo dituzte ibilbide zehatza finkatzeko. Trenbidearen trazatua 2010. urtean aurkeztuko dute. Orduan argituko da, esaterako, Larrun mendia zulatuko duen.

p004_f02_199x120.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Abuztuaren 27an Baionan egindako bilkuraren ondoren erabaki zuten trenbide berriaren ibilbidearen perimetroa irailaren 17an ofizialduko dute. Ikertzen ari diren proposamenak, urte hasieran aurkeztutako aukerarekin alderatuta, zenbait aldaketa dakartza. Aldaketa nagusia da ibilbidea Azkaine eta Larrun aldera lerratzeko aukera, inguru hori urte hasierako perimetroan kanpoan geratu arren.

Aukera horrek zeresan handia eman du. Zenbait hautetsi pozik agertu ziren horrekin, urbanizazio maila txikiagoa duen ingurua zeharkatuko lukeelako, eta tunel gehiago eginik paisaiaren gaineko eragina murriztuko litzatekeelako. Horren aurrean, Azkaineko auzapezak eta ingurumenaren aldeko elkarteek tunelek ere ingurumenean kalte handiak eragiten dituztela ohartarazi dute.

Beste hiru aldaketa nabarmen ere badira: Bidarteko lotura desagertu egiten da; Hendaiako merkantzien geltokiarekin lotura desagertzen da; eta Baionako geltokiarekin lotuko da. Abuztuko bilkuraren ondoren azaldutakoaren arabera, Baionako hiriguneak AHTren geltokia izango du, gaur egun dagoenaren ondoan. Horiek horrela, Baiona ingururako hasieran proposatutako hiru aukeren artean, autobideari segitzen dion Megnonekoa baztertu egiten da. Beste hainbat eremutan ere perimetroa txikitu egin da.

Trenbide berria, Aturri zeharkatu ondoren, Mugerreko merkantzia zentro ingurutik pasatuko litzateke. Milafranga eta Uztaritze zeharkatu ondoren, bi aukera agertzen dira; autobideari jarraituta, kostaldetik; edo Senpere eta Azkainetik pasatu, eta hiru tunelen bitartez Larruneko magalak zeharkatuta. Biriatura helduko litzateke, autobide eta herrigunearen artean, «euskal Y»arekin lotura egiteko.

Tunelak eta arazoak

Donibane Lohizunetik eta Azkaine eta Senperera arteko zatirako bi perimetro posible agertzen dira. Tartean urbanizazio maila txikia daukan inguru bat dago, baina perimetroa definitzeko, Azkaineko erdigunera hurbiltzea deliberatu dute, tunelak egin ahal izateko. Baztertutako aukeran, berriz, eremu laua da, itsasoaren mailan. Hautu horrekin, hautetsi askoren kezka den paisaiaren zaintza bermatuko litzateke. Donibane Lohizuneko auzapez Peyuco Duharte Larrungo aukerarekin pozik agertu zen «horrela, urbanizazio maila txikiagoa duen toki batetik pasatuko litzatekeelako».

Abuztuko bilkuratik irtetean, bertan izan ziren hautetsiek tunelen bidez gauzatzekoa den Azkaineko aukera lehenetsi zuten, baina Cade-ko bozeramaile Victor Pachonek autobidearen ondotik doan ibilbidea hobetsiko duela adierazi zuen, arrazoi ekonomikoak direla-eta -bestea askoz garestiagoa delako-, baina segurtasunari eta ingurumenari loturiko arrazoiek ere garrantzi handia daukatela nabarmendu zuen. Izan ere, trenbidetik gai arriskutsuak garraiatuko badira, ezin dira 5.000 metro baino gehiago dituzten tunelak egin. Bestalde, bidaiari-trenek tuneletan ezin dute bat egin halako gaiak garraiatzen dituzten trenekin, beraz ordutegiak egokitua izan beharko luke, eta horrek trenen maiztasunean eragina izan lezake.

Proposamen horrek ingurumenaren gainean izango lituzkeen eraginak handiak lirateke Larrun mendiaren magalean. Gaur egun Azkaineko herriaren ur beharra betetzen duten iturriak kenduko lituzkete. Hori dela-eta, Azkaineko auzapez Jean-Louis Laduche oso haserre agertu da aukera honekin. Bestalde, Larrungo inguru bat Natura 2000 planaren barnean dago.

Cade kolektiboak eta kontseilari orokorra eta Hiriburuko auzapeza den Alain Iriartek behin baino gehiagotan adierazi dute Frantziako Trenbide Sarekoak hautetsiak banantzeko erabiltzen ari direla tunelen aukera. Izan ere, trenbide berriaren kontra dauden hiru herri elkargoetako zenbait auzapezek sarri adierazi izan dute tunelak egitekotan onargarriagoa litzatekeela.

Baionako geltokiaren arazoak

Trenbide berria eta Baionako geltokia lotzeko ibilbidea zehaztuta ez baldin badago ere, gaur egun dauden trenbideetako bat erabiliko litzateke. Horren arabera, 15 eta 20 kilometro inguruko zatian gertuko trenen abiadura hartu beharko luke tren horiek ere, eta beraz irabazitako denbora galduko lukete hor.

Trenbide zaharretik hamabi AHT pasatzen dira egun, eta horietatik hiruk erabiliko lukete trenbide berria. Pachonek adierazi zuen: «Lehen urteetan bai, baina denborarekin, konturatuko dira ez duela merezi, eta ez dira Baionatik pasatuko».

Azterlana, kontrakoen alde
Lapurdi zeharkatuko lukeen abiadura handiko trenbidearen kontra dauden hiru herri elkargoek egun existitzen den trenbidearen erabilerari buruz eskatu duten azterlan independentea gaur arratsaldean aurkeztuko dute Baionako Subprefekturan. Adierazpen ez ofizialek GARAri jakitera eman diotenaren arabera, azterlan horrek trenbide berriaren kontra dauden hautetsiek eta elkarteek defendatzen duten ideia indartuko luke. Azterlana egiteaz Lausanako kabinete independente bat arduratu da, lehengo trenbidearen gaur egungo erabileran oinarrituta. Aztergai dute trenbide berriaren premia; hau da, egungo trenbidea noiz saturatuko litzatekeen kontuan hartuta, trenbide berria eraikitzea beharrezkoa ote den.
Gaur aurkeztuko duten azterketa Errobi, Lapurdi Hegoaldea eta Aturri-Errobi herri elkargoek eskatu zuten Frantziako Trenbide Sareak eskaintzen dituen datuak kontrastatzeko. Datua konfirmatu beharra badago ere, badirudi egun Hendaiatik Baionara doan trenbidea hogeita hamar urtetan geratuko litzatekeela saturatuta, beraz, trenbide berria eraikitzeko beharra zalantzan jarriko luke txosten horrek.
Nabarmendu beharra dago, 2006an FTSak eskaini zituen datuak gaur egun ez direla batere erabilgarriak, merkatua asko aldatu delako. Aldi berean, garaia hartan emandako zifrak handituak izan zirela frogatu da. Krisia eta merkatuaren aldaketa dela-eta, egun trenbide sareak ez ditu etorkizunerako datu berriak eskaintzen.I. E.
Segurtasuna

Arrazoi ekonomikoez gain, segurtasuna eta ingurumenaren babesa dira tunelen kontrako argudioak. Trenbide berria Larrungo magalen azpitik tunelen bitartez pasarazi ez dezaten zenbait hautetsi eta elkarte kontra agertu dira.

proposamena

Egitasmo berri horretan aztergai den oinarrizko proposamena, alegia, trenbideak Larrungo magalak tunelen bidez zeharkatzea, Bernard Albizu ingeniari erretiratu ziburutarrak azaldu zuen 2006an egindako eztabaida publikoan.

Hiriarten jokaera salatu dute hainbat hautetsi abertzalek

Hego Lapurdiko Herri Elkargoko hamabi herrietako hautetsi abertzaleen talde batek joan den astean Elkargoaren lehendakari Michel Hiriart gogor kritikatu zuen abuztuaren 6an Tours eta Bordele arteko AHTren egitasmoari buruz hartutako deliberoarengatik.

Gai-zerrendaz kanpo izateaz gain, zati horri dagozkion lanak finantzatzeko «nahikeria adieraztea» leporatu zioten abertzaleek Hiriarti. «Berriro ere zure hitza jan duzula ikusteak inarrosten gaitu» aurpegiratu zioten, Lapurdin trenbide berria eraikitzeko premiari buruz Elkargoak eskatua duen azterlan independentearen emaitzak ezagutu arte ez zuela «inongo erabakirik hartuko» agindu zuela gogoraraziz.

Zortzi milioi euroko proiektua onartzeko «intentzio-adierazpena besterik ez zutela bozkatu» eta «Herri Elkargoak engaiamendurik ez zuela hartu» prentsaren bidez jakiteak ez zituen hautetsiak lasaitu eta adierazpen hori egiteko argudioa -AHTren aurka ez daudela erakustea, alegia- aitzakiatzat jo zuten. Elkargoko lehendakaria «interes politiko batzuengatik trenbide berria onartzeko gogoa pizten ez ote den ari» beldur dira hautetsi abertzaleak eta, lehenbailehen bilkura bat eskatu zioten Hiriarti, 2008ko azaroan gertatu bezala, hitzartutako bilera ez egitea ez dutela berriro onartuko argituz.

Herri Elkargoko Batzorde betearazleak berehala erantzun zion hautetsi abertzaleen gutunari, «lehendakariaren kontrako erasoa» salatuz. Erabakirik ez zutela hartu baieztatu zuten: «Eztabaida bat izan zen, lehendakariari intentzio-protokoloa sinatzea baimentzeko, gero, Akitaniako prefetari igor ziezaion, baina, betiere, Baiona eta muga arteko zatiaz ohiko zuhurtzia eta zalantzak adieraziz, hots, egungo trenbidearen erabileraren eta proiektuaren azterketan hautetsiek parte-hartzearen alde gaudela». Agiri berean, Batzordeak hautetsi abertzaleak laster hartuko dituela adierazi zuen.

Hego Lapurdiko Herri Elkargoaz gain, Errobikoak eta Aturri-Errobikoak ere trenbide berriaren beharraz duela hilabete batzuk eskatu zuten azterketa alternatiboaren emaitzak laster batean ezagutaraziko dituztela espero da.A.M.

BAIONAko geltokia

Baionako geltokira iristeko, lehengo trenbideak erabiliko lirateke. Tarte horretan abiadura handiko trenek gainerako trenen abiadura hartu beharko lukete, beraz abiadura handian irabazitako denbora galdu egingo litzateke tarte horretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo