GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Google Books, liburuen digitalizazioa, eta monopolioa, Europara bidean

Google-k, Interneteko bilatzaile nagusiak, 2004an abian jarri zuen Google Books, liburuak digitalizatzeko proiektua, eta horren inguruan sortutako polemika, iraun ez ezik, berpiztu ere egin da Europan, bertan aurkeztera etorri denean. AEBetan editoreekin eta autoreekin akordio batera iritsi zen, eta akordio bera nahi du Europarako, zeinen arabera liburuen eskubideen jabeek irabazien %63 jasoko duten. Berez, proiektua informazioaren eskuragarritasuna demokratizatzeko modua da, horretan ez dago eztabaidarik; bai, ordea, digitalizazioa Googlek monopolizatzean. Izan ere, digitalizazioaren abantailak ukaezinak dira, eta, editore eta idazleek ere hala ikusten dute, baina Europako zenbait herrialdetakoek haren kudeaketari irizten diote eztabaidagarrien. Merkatuak ezarritako legeei men egin beharrean aurkituko dute beren burua, nahiz eta jakina den merkatuaren legeak eta literaturaren eta, oro har, kulturaren beharrak ez direla gauza bera, eta bai, maiz, kontrajarriak. Bada, gainera, hausnarketa osatzeko beste elementu bat: Googlek irakurleen datuak eskuratu ahal izatea, kontrol handiagoa, alegia. Teknologia berrien abantailak eta haien kudeaketaren desabantailak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo