GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Begoñe Agirre Pereda eta Arantza Urkaregi Bizkaiko ezker abertzaleko batzarkide taldearen izenean

Krisiari aurre egiteko zerga politika aldatu behar da

Guk oso argi dugu zergak handitu behar direla, baina ez guztiak, eta ez guztiei. Bereziki zuzeneko zergak dira igo beharrekoak, gehien irabazten dutenei igoz

Ikasturte berria hastear dagoen honetan, guztion ahotan dabilen hitza krisia dugu. Krisialdia dela-eta, nolako aurrekontuak egin behar diren izango da hartu beharreko lehenengo erabakietako bat. Baina aurrekontuei lotuta daude jasotako diru-sarrerak. Eta hor dago eztabaida: zergak gutxitu ala handitu?

Behin eta berriro entzuten ari gara zergen bidez bildutako diru-kopurua aurreikusitakoa baino askoz txikiagoa izan dela, eta ematen diguten informazioaren arabera, gutxiago biltzearen arrazoia soilik krisiari lotuta omen dago. Baina hori ez da egia. Krisiak eragina izan du diru-bilketan, bai, baina diru-bilketa gutxitzearen arrazoi nagusia azken urteotan zerga arautegian izandako aldaketetan bilatu behar dugu.

Hain zuzen, Bizkaian, iaz indarrean sartu zen PFEZ sistemaren erreformak mesedea egin die errenta handiko pertsonei: alde batetik, lanaren errenten tasarik txikiena, %15etik %23ra igo zen bitartean, tasarik handiena %48tik %45era murriztu zuten (kontuan hartu behar da 1998an tasa hori %56koa zela), hau da, soldata handiena dutenek gero eta gutxiago ordaintzen dute; bestetik, kapitalari ezarritako errenta %18 besterik ez da. Era honetan, lan eginez lortzen duzun soldatatik %23 kentzen dizuten bitartean, higiezinen edo akzioen salerosketen bidez lortzen duzunagatik %18 besterik ez dizute kenduko. Beraz, lan egitearen ordez, espekulatzea da egungo PFEZen sistemak bultzatzen duena!

Behera egin duen beste zerga bat Sozietateen gaineko Zerga dugu: %32,6tik %28ra. Baina enpresa txikia bada, %24koa izango da zerga hori, eta «enpresa txiki» kontzeptu hori gero eta zabalagoa denez (200 langile arte), gero eta gutxiago kotizatzen dute enpresek. Gainera, errealitatean portzentaje hori askoz txikiagoa da (%17 inguru), hain zuzen, teknologia berrietan, kultur ondarea babesteko eta hedatzeko eta abarretarako egindako inbertsioak direla-eta lortutako kenkariei esker.

Bizkaiko Foru Aldundiak iaz jaso zituen diru sarreren %33,5 langileek jarri zuten. Kapitalaren errenten bidez, %3,3 soilik jaso zuen, eta Sozietateen Zergak bildutakoak %13,3 besterik ez ziren izan. Hau da, langileek bakarrik kapitalak eta enpresek baino gehiago ordaintzen diote Foru-Ogasunari!

Eta hori dena gutxi ez eta, aurten, Ondarearen gaineko Zerga kendu dute Bizkaian, Estatu espainolak hartutako erabakiari jarraituz. Beste 100 milioi euro inguru gutxiago. Eta gero, kexu dabiltza bilketa gutxitu delako!

Eta zer esan zerga iruzurraz? Bizkaiko Ogasun Diputatuak emandako datuen arabera, 2007ko uztailetik 2008ko abendura arte, Bizkaiko Ogasunak 413 milioi euroko zerga iruzurra aurkitu du. Aurreko hiru urteetan (2004-2006) 676 milioi euro0koa izan zen iruzurra. Beraz, jadanik mila milioi euro baino gehiagoko iruzurra dago agerian. Zalantza barik, benetako zerga iruzurra askoz handiagoa da.

Eta non agertu dira iruzur poltsak? Europar Batasunetik datozen luxuzko autoen salerosketetan, hirigintza arloan, telefonia eta informatika osagaiekin egindako jardueretan... Argi dago langileek iruzur gutxi egin dezaketela, bere soldatatik bertatik kentzen baitiete zerga, baina zer gertatzen da bitarteko enpresak sortzen dituzten dirudunekin edo dagozkien baino zerga gutxiago ordaintzeko mila zirrikitu erabiltzen dituztenekin? Horiek ez dira langile xumeak, kapitala dute, kapital handia, eta horren zati bat, hain zuzen, zerga iruzurra egiteko erabiltzen dute. Eta zer egiten du Bizkaiko Ogasunak horien kontra?

Zeharkako zergetan ere iruzurra dago, bereziki, Balio Erantsiaren gaineko Zergan. Aurreko urteetan gora egin izan badu ere, iaz gutxiago bildu zen kontzeptu horretan, nahiz eta kontsumoa ez gutxitu. Beraz, gutxiago jasoko da, bai, baina, hain zuzen, langileek ordaindutakoa da gutxien murriztuko dena.

Eta horren aurrean, zer? Batzuek esaten dute krisi garaian zergak gutxitu behar direla; beste batzuek handitu behar direla. Baina oso gutxitan azaltzen dute zein zerga-mota igo nahi duten. Eta adi egon! Joera handia dago zeharkako zergak (BEZ, esate baterako) igotzeko, baina hori ez da bidezkoa. Hain zuzen, zeharkako zergek ez dutelako kontuan hartzen norbanakoen ahalmen ekonomikoa. Hau da, igoera berbera ordaindu beharko dute hala langabetu edo langile xume batek nola BBVAko zuzendariak. Eta igoera horrek oso eragin ezberdina du norbere poltsikoan!

Guk oso argi dugu zergak handitu behar direla, baina ez guztiak, eta ez guztiei. Bereziki zuzeneko zergak dira igo beharrekoak, gehien irabazten dutenei igoz. Hau da, kapitalaren errentei jarritako zergak handitu behar dira eta era progresiboan ezarri, Sozietateen Zerga handitu behar da, soldata handienak dituztenei PFEZ tipoa handitu behar zaie, opor fiskalak ezabatu/murriztu behar dira, Ondarearen Zerga berriro indarrean jarri behar da, zerga iruzurraren aurkako neurri eraginkorrak hartu behar dira...

Horregatik, Batzar Nagusietan aurten inoiz baino arrazoi gehiagorekin aurkeztuko ditugu zerga-sistema aldatzeko proposamen hauek, argi baitaukagu krisia pairatzen dutenak izango direla horrelako aldaketen onuradunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo