GARA > Idatzia > Euskal Herria

Danbor eta pilotakada hotsak, santakrutzen lehen egunetan

Gaur hasi eta datorren asteartera arte, Lezo festetan izango da. Aurtengo santakrutzetan, aurreko urteetako arrakasta ikusita, ekitaldi batzuk errepikatuko dira: besteak beste, abuztuan hasi eta orain amaitzen den Josetxo Etxandi pilota txapelketa, edota gero eta jendetsuagoa den nagusien danborrada, jaien lehen egunean. Halaber, nagusiek, baserritarrek edota etxeko txikiek badute jaietan zerekin gozatu eta herriko zaindariaren egunean zer egin.

8008554933690.jpg

Oihane LARRETXEA

Arratsaldeko zazpietan hasiko dira ofizialki Lezon santakrutzak. Herriko «alkate txikiak» arduratuko dira horretaz, eta suziriaren ostean, festak ez ospatzeko aitzakiarik ez da izango.

Buruhandiak, erraldoiak edota erromeria eta txistulariak ez dira faltako; ezta danborrada ere, hori baita lezoarrek bereziki gogotsu hartzen dutena.

Orain urte asko, beste hainbat ohitura eta tradizio bezala, helduen danborrada egiteko ohitura galtzeko arriskuan ikusi zuten. Udaletik azaldu dutenez, elkarteak kideak galduz joan ziren pixkanaka, eta ondorioz gero eta lagun gutxiago ziren danborradan parte hartzen zutenak.

Horren aurrean, izan zen lana egin zuenik, eta horri esker, gaur egun oso jendetsua da danborrada, bai partaideen aldetik, bai ikustera gerturatzen diren herritarren aldetik. «Guztira lau konpainia irteten dira - Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu- eta urteetako lan gogorraren ostean, berriro ere ohitura lehengoratu dugu, eta honakoa ekitaldi jendetsuenetako bat izatea lortu dugu», azaldu du Xanti Valek, Udaleko kideak.

Elkarte guztien artean, 300 lagun inguru aterako dira gaur gauean, eta konpainia bakoitzak herrian barrena bere ibilbidea egingo duen arren, Gurutze Santuaren plazara denak batera iritsiko dira.

Valek azaldu duenez, behin plazan bildutakoan, elkarte bakoitzak bere abesti propioa jotzen du, eta ondoren, Tomas Garbizu musikari lezoarraren omenez, haren pieza bat jotzen dute guztiak batera. «Jendeak gero eta harrera hobea egiten dio danborradari, bai barrutik bertatik, bai publikotik, eta egun festetan danborradarik ez egitea pentsaezina da», azaldu du Valek.

Pilota finala

Lehen egunaren ostean, larunbatekoa ere lezoarrentzat garrantzitsua izaten da, euskal pilotaren harira.

Josetxo Etxandi-ren omenez egiten da bertako txapelketarik entzutetsuena, eta hala, hamaika dira parte hartzeko izena ematen dutenak.

Orain 34 urte antolatu zuten lehen aldiz txapelketa, Josetxo Etxandi bizilaguna omentzeko; hain zuzen ere, herriko haurrak pilota mundura erakartzeko hark egin zuen lana eskertzeko sortu zen lehiaketa. «Etxandi zoritxarrez oso gazterik hil zen. Umeengatik egin zuen lan guztiagatik bere izena eramango zuen pilota txapelketa sortzea erabaki genuen», argitu du Valek.

Txapelketa bi mailatan dago banatuta: batetik zaleak, eta bestetik federatutako pilotariak. Denentzat dago lekua, beraz.

Txikiak, gazteak eta helduak taldetan bananduta, binakako partidak egiten dituzte abuztuan zehar. Aurten, esaterako, abuztuaren 4an eman zitzaion hasiera, izan ere, txapelketa finala beti santakrutzetan izaten da, eta garaiz heltzeko, dezente lehenagotik hasi behar kanporaketak jokatzen.

Bihar, 18.00etan herri mailako finalak izango da -frontoi irekian eguraldi ona izanez gero-, eta astelehenean, Santa Cruz herriko zaindariaren egunean, federatuek jokatuko dute finala, 17.00etan.

Horrez guztiaz gain, bihar 11.00etan herrien arteko Euskal Jokoen Finala izango da, eta ondoren, zaleen txirrindulari probaren amaiera.

Dantza egiteko aukera ere izango da bai gaur, bai bihar. Gauerdian erromeriak izango dira Gurutze Santuaren plazan, Bide Batez eta Modesto taldeen eskutik, hurrenez hurren.

34 urte

Badira 34 urte Josetxo Etxandi izeneko pilota txapelketa lehen aldiz egin zutela. Zaletu nahiz pilotari profesional mailan, adin guztietako lagunek parte har dezakete txapelketan.

300 danbor

Orain urte batzuk desagertzeko arriskuan egon bazen ere, gaur egun, lan gogorraren ostean, ia 300 lagunek parte hartzen dute nagusien danborradan, lau konpainiatan banatuta.

kirolak eta dantza

Ongi pasatzeko, makina bat aukera; baina leku berezia izango dute kirolak eta musikak: batetik, txirrindularitza, pilota eta euskal jokoak; eta bestetik, euskal dantzak, erromeriak eta kalejirak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo