Istanbuleko uholdeetan, hirigintza basatiak zeresan handia duela salatu dute
GARA
Istanbulen dagoeneko 26 pertsonaren heriotza eragin duten uholdeak gertatzeko arrazoien artean «hirigintza basatia» dagoela adierazi dute, artean, Turkiako metropolirik handienak mehatxupean jarraitzen duela.
Hiriko agintariek ibaiaren inguruan eraikitzeko eman izan dituzten baimenak ezbeharraren erruduntzat jo dituztenak agintari eta komunikabide ugari izan dira. Udal arduradunei leporatzen diete entzungor egin izana eguraldi iragarpenei, ekaitzak aurreikusita baitzeuden.
Kritikak
Herri Lanetako Ministerioak adierazi zuen eurite eta uholdeek kalte handiak eragin dituztela hiriko azpiegituretan eta, era berean, sail horretako buru den Mustafa Demirrek onartu egin zuen «une hauetako ezintasuna herritar zein administrazioen errakuntzen ondorioa» dela.
Turkiako Lehen ministroak, Recep Tayyip Erdoganek, bi milioi dolarreko dirulaguntza onartu du, hiriburuko kalteei aurre egiteko.
Egunotako uholdeek, gutxienez 32 hildako eragin dituzte Istanbul eta ondoko Tekirdag probintzian, horietatik 26 aipatuta bezala, hiriburuan.