GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Sahararren oihu isilarazia entzun dadin

Saharako errefuxiatuen, eta oro har, herri haren egoera ez da hedabide gehienen ohiko hizpide. Antonio Guterresek, Nazio Batuen Iheslarientzako Goi Mandatariak, herenegun Tindufeko kanpamentuetara eta atzo Smarakora bisita egin izanak ere, antza denez, ez du letra larriegirik merezi. Badira beste egoera batzuk, batez ere nazioarteko komunitatearen interesak jokoan direla tartean, behar besteko arreta eskaini behar zaienak. Hartara, sahararrek, Marokoren errepresioaren eta ukazioaren azpian ez ezik, ahanzturaren lauza astunaren azpian ere bizirauten dute.

Duela 33 urtetik ez da izan Nazio Batuen Iheslarientzako Goi Mandataririk saharar errefuxiatuen kanpamentuetan. Guterresek berak, errefuxiatuen egoera «benetan dramatikoa dela» esateaz gain, aitortu zuen -eta bere alde mintzo den aitorpena da- nazioarteko komunitateak, eta are NBEk ere, ez dutela nahikoa egin. Izan ere, NBEk ezin du arazo politikoa konpondu, baina bai konponbiderako baldintzak sorrarazten lagundu, eta alde humanitarioari dagokionez, konpromisoak hartu. Dramatikoa iritzi zion Guterresek, duela 34 urte 200.000 saharar Aljeriaren hegoaldeko basamortuan kokatu zirenetik bizi duten egoerari. Bitartean, 1985ean, Nazio Batuek, saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aitortuta, erreferenduma sustatu zuten, baina Marokoren jarrerak eragotzi egin zuen sahararrek beren etorkizunaz erabakitzea. Eta oraindik, ia mende laurden bat geroago, herri demokratikoek ez diote Marokori jarrera antidemokratikorik erreparatu, nonbait.

NBEren Goi Mandatariaren bisita sahararren esperantza berritzeko motibo izan liteke. Nazioarteko komunitatearen zabarkeriak eta zenbait kasutan erantzukizun zuzenak bere horretan jarraitzen dute, baina Guterresen keinua eta azkenaldion Fronte Polisarioaren eta Marokoren arteko negoziazioei berriz heltze alderako zenbait mugimendu gutxienez positiboak dira, lehen ministro saharar Abdelkhader Taleb Omarrek aitortu zuen bezala. Eta, Guterresek esan zuen bezala, beharrezkoa da elkartasuna, herri haren oihu isilarazia entzun dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo