Jolasean
Amets TXURRUKA | Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
Markelek esan zizuen listoia nik jartzen niola altu baina atzoko zutabearekin barruan daramana paperean modu ezin dotoreagoan islatzeko daukan gaitasuna erakutsi zigun. Oilo ipurdia jarri digu askori bere lerro sentiberak irakurtzeak. Gure Mikel, nik ere nahi nioke besarkada handi bat bidali eta bere falta handia dugula helarazi zutabetxo hau baliatuz. Iloba asko ditu Mikelek, egoera ulertu ezinik egon arren berdin maitatzen jarraituko dutenak.
Aurreko batean kontatu nizuen nola uztartzen genituen gure lana (etapa) eta Kazetari ikasketak (zutabe honen bidez); oraingoan lana jolasarekin ere uztartzen dugula kontatzen dizuet. Etapa hasieran ihesaldia antolatzeko saiakerak etengabeak izaten dira, txirrindulari asko izaten gara ideia berarekin abiatzen garenak eta gutxi batzuk soilik helburua bete ahal izaten dutenak. Jolasa baino jokoa esatea hobe litzateke akaso, izan ere ihesaldian egoteko jokatu beharra dago, loterian bezala eta zenbat eta boleto gehiago jokatu, aukera gehiago. Pelotoi muturrean egon behar da, bertatik aurrera egiten saiatu behin eta berriz, aztertu zeintzuk duten interes handiena aurrera egiteko, gurpil artetik ateratzeko tarte nahikoa bilatu, hankek erantzun dezatela... Niri izugarri gustatzen zait mugimendu horretan sartzea eta sarritan jolas gisara hartzen dut. Gogoko dut erasoa jo, ikusi nortzuk dauden gogotsu... saltsa guztietan egon behar du perrexilak, edo gure kasuan, laranja kolorez joanik, azafraiak.
Atzo sartu zen azafrai txikitxoa ihesaldiaren saltsan, hasieran zortzi bat lagun ginen, gero lau eta azkenik hirukotea osatu genuen. Aukeran lagun gutxi, jolasa dibertigarria izan zedin. Sari handirik irabazteko boleto nahikorik ez... helmugara iristeko probabilitatea txikitxoa geneukan. Pelotoia zen orduan gurekin jolasean hasi zena, hasieran lasaituz eta tartea hartzen utziz, ibilbidea eta haizea aztertuz pelotoiaren handitasunaren nagusitasunak helmugara iritsi baino aurretik hirukotea harrapatzeko kalkuluak ondo eginda.
Atzean tropel handian, ados jarri lau talde, eta erraz limatzen ziguten abantaila. Gu ere jakitun ginen beste behin gure jolasa bukatzear zegoela. Hala bukatu zen, azken mendatean esprinterren taldekideen gidaritzapean laster irentsi gintuzten eta beraien autoritatea berrezarri zuten. Gure jolasa bukatuta, esprinterrena hasi zen, bakoitzak bere txirrindulari azkarra kolokatu nahi, arerioei kolokazioa lapurtu... jolas honetan ez dut inoiz parte hartzen, ez dut atsegin! Edo agian arriskutsuegia deritzot...
Ez dakit berez jolas bezala sailka daitekeen, baina sarritan hala ulertzen saiatu nahiz eta errazago eramaten dut horrela lana. Eta gainera, sari handirik oraindik irabazi ez arren, batzuetan dibertitu ere egiten naiz, herenegun bezala!
Gaur, Velefiqueko errepide malkartsuetan gora, jolasean aritzea tokatuko zait, jolas hori lan bilakatuko zait alegia, izan ere etapa garrantzitsua da sailkapen nagusirako, eta Samuelek ez dio jolasean irabazteko asmotan denik; beraz bere aldamenean edo aurretik izatea komeni zait esku bat bota ahal izateko! Kontatuko dizuet etzi dibertigarria izan den ala ez.