MUNDUKO TXAPELKETA
Paraguai Hegoafrikan dago, Argentina eta Maradona dardarka utzi ondoren
GARA | BILBO
Diego Armando Maradonaren mitoak puntuak galtzen jarraitzen du. Kontua are gehiago oker daiteke, bigarren aukera ere ez baitauka ziurtatuta Argentinak. Azken bi jardunaldietan erreakzionatuz gero -eta gainerako emaitzek laguntzen badiote- sailkapen zuzena eskura izango du, baina bolada txarrarekin jarraitzen badu, Munduko Txapelketa agian etxetik ikusi beharko dute zuri-urdinek.
Orain arteko azken kolpea Paraguaik eman dio. Txanponaren beste aldea, izan ere, Asuncionen lortutako garaipenak (1-0, Nelson Haedok 27. minutuan sartutako golaren ondorioz) Hegoafrikan egoteko txartela eman baitio talde guaraniari. Gerardo Martino argentinarrak zuzenduta, Paraguai hirugarren aldiz jarraian egongo da Munduko Txapelketen azken fasean.
Brasilek badaki bertan egongo dela eta, oraingoz, Txileko selekzioak -puntu bakarra falta zaio sailkapena ziurtatzeko- bidaiatuko du beraiekin batera. Baita Bolivia gainditu (1-3) ondoren taldeko laugarren postura igo den Ekuador ere. Azken hauek, hala ere, abantaila txikia dute oraindik: hiru puntuko aldean daude sailkatuta Ekuador bera (23 puntu), Argentina (22), Uruguai (21), Venezuela (21) eta Kolonbia (20). Hauetako batek bakarrik lortuko du zuzenean sailkatzea; beste bat bigarren aukeran saiatu beharko da, eta gainerako hirurak, beren penak deitoratzera.
Horrenbeste interes gurutzatu egoteak Argentinaren alde joka lezake azken-aurreko jardunaldian, betiere zuri-urdinek beren egoerari buelta ematen badiote, azken bost partidetan lau porrot jaso ondoren. Maradonaren taldeak aukera barik geratu den Peruren bisita jasoko du Buenos Airesen, beste aurkariek elkarren aurka lehiatzen duten bitartean. Behin betiko sailkapena, hala ere, ez da guztiz argituko azken jardunaldia jokatu arte -Uruguai eta Argentinako taldeen arteko tentsio goreneko neurketarekin-.