3.250 etxebizitza sozial eraikiko dituzte 2013ra bitartean
Ainize BUTRON
Etxebizitzarako Larrialdi Planaren izenpetzea egin zuten atzo ofizialki Baionako Subprefekturan. Bertan, lekuko auzapez eta agintariak bilduak zirela, 2005. urtean sortu, eta 2008ra luzatu den planarekin jarraitzeko asmoa nabarmendu zuten. Etxebizitza sozialaren arloan zegoen gabezia betetzeko abiatu zen plana. Lau urtez, 500 etxebizitza sozial eraiki dituzte, eta ekimena 2013. bitartean luzatuko zutela jakinarazi zuten atzo. Aurreko Planaren emaitzarekin pozik zeudela adierazi bazuten ere, gabeziak bazirela esan zuten agintariek. «Kopuruaren aldetik ongi ibili gara, baina, kalitatea hobetzeko dago», esan zuten.
Izan ere, soldata txikiko bizilagunentzat oraindik ere etxebizitza eskaintzak murritzak zirela argitu zuten. 2013. urtera arte iraunen duen Plan berri horren bidez eraikitako etxebizitza sozial gehienak soldata «txiki-txikiko» familiei eskainiko dizkiete. Lau urtez, urtean 650 etxebizitza sozial eraikiko dituzte. Horietatik 2.200 «ultra sozialak» sailean sartu dituzte. Beste 400 etxebizitzak prezio ertainak izango dituzte, eta azken 650ak etxebizitza sozial arruntak izango dira. Horietarik mila Baiona, Angelu eta Biarritz hirien artean banatuko dituzte.