GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Kantu indartsuak egitea da gure helburua, alderdi teknikoak gorabehera»

p044_f01_286x164.jpg

Ibon Apezetxea «Pepino»

Orreaga 778 taldeko baxu jotzailea

Gipuzkoan punk Oi! giroek izandako eztandaren barruan kokatzen da Orreaga 778 taldea. Musikalki norabide argia dute: punk kantu azkarrak, Oi! erritmo oldarkorrak eta mezua zabaltzeko baliatzen dituzten letra zorrotz eta aldarrikatzaileak. Hilabete luzez entsegu lokalean egon eta gero, zuzeneko emanaldietara bueltatzen dira “Aurrera!” disko berria besapean dutela.

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

2005ean elkartu ziren lehenengoz, gerora Orreaga 778 izena eramango zuen musika taldeko lau kideak: Ijurko (bateria), Pepino (baxua), Peio (ahotsa) eta Lastre (Gitarra) osatu zuten lehen formazioa eta oztopoak oztopo talde era ez da aldatu urte hauetan guztietan. 2007an kaleratu zen taldearen iraupen luzeko lehen diskoarekin, («Bide Bakarra», Puzkarra Records), mila ale baino gehiago saldu zituzten, betiere banatzaile alternatibo eta diskoetxe txikien laguntzarekin, eta betiere musika zirkuitu komertzialen atzaparretatik at. «Aurrera!» izena daraman estudioko azken emaitzak sei kantu batzen ditu CD formatuan eta zortzi binilo edizioa berezian, tartean 1980ko hamarkadako Sektor Mierda talde azpeitiarraren «Estupa» kantuaren moldaketa. Peio taldeko abeslariaren atxiloketa eta espetxeratzea gaindituta, emanaldiak eskaintzeari ekingo diote datozen hilabeteetan. Lehena, bihar, Azpeitiko Gaztetxean.

Taldearentzat kolpe gogorra izan zen Peio abeslariaren atxiloketa. Nola eragin zuen afera horrek taldearen bidean?

Lagun eta senideentzako bezala, kolpe gogorra izan zen taldearentzat. Une horretan geldiune batean sartu ginen eta ez genuen entseatu ere egiten. Añorgan ospatzen ari ziren Elkartasun Egunerako gonbita jaso genuen eta zenbait abeslariren laguntzaz hiruko formatuan taularatu ginen. Gauza puntuala izan zen, baina pilak jartzeko balio izan zigun. Hortaz, entsegu lokalean sartu ginen eta kantuak konposatzeari ekin genion. Peiok berriz, espetxean abestien letrak idatzi zituen.

Oztopoak oztopo, taldeak aurrera jarraitu zuen.

Peiok eman zizkigun indarrak aurrera egiteko. Argi genuen taldeak aurrera egin behar zuela, eta talde era ezberdinak begiratu genituen, betiere gure inguruko musikari eta lagunen artean. Espetxean eginiko bisitetan marraztu genuen egin beharreko bidea. Alta, apirilean Peio espetxetik atera zen eta taldeak bere martxa hartu zuen berriz.

Taldearen musika norabidea argia da: Punk Oi! indartsu eta oldarkorra.

Hori da gustuko dugun musika era. Ez dugu gure burua musikaritzat hartzen eta kantuekin transmititzea da gure helburua.

Kantuek dute garrantzia, beraz, soinu kalitate edo teknika guztien gainetik...

Guretzako kantuek dute garrantzia, teknikoki nola jo, edo soinu zehatz bat bilatzeak baino. Melodia on bat, lelo itsaskorra, erritmo indartsu bat... kantuak zerbait esatea. Gero letra jartzen da mezu bat zabaltzeko.

Azken urte hauetan Punk Oi! giroek gorakada nabarmena izan dute, batez ere Gipuzkoan.

Punk Oi! mugimenduaren unerik gorena dagoneko igaro delakoan nago. Egia da talde pilo bat dagoela eta emanaldietara jende mordoa agertzen dela oraindik ere, baino eztanda hori igaro da. Hala ere, mugimendua bizirik dago.

Des-Kontrol taldearen fenomenoak ere izan du bere garrantzia mugimendua zabaltzean.

Des-Kontrol-ekoak ezinbestekoak izan ziren mugimendua sendotzeko, eta aitzindariak izaki, erreferente izan dira gerora sortu diren musika talde askorentzako. Hala ere, ez dut uste Des-Kontrolek izan duen ikusle gorakada Punk Oi! mugimenduan eta bertan ibiltzen garen musika taldeen artean eraginik izan duenik. Azken batean, Des-Kontrolek lortu duena ikusle berri batera iristea izan da, bere musika zabalduz eta entzule berria erakarriz. Diskoetxe batekin sinatu izana, bere musika Gaztea bezalako irratietan programatzea edo saltokirik komertzialenetan diskoa topatu ahal izateak, taldearen sona biderkatu du. Des-Kontrol entzuten duten gazte asko ez dira beste kontzertuetara gerturatzen, beraz gorakada hori ez da nabarmentzen hainbeste.

Zuek berriz zirkuitu antikomertzialean mugitzen zarete, diskoetxe txiki eta banaketa alternatiboaren ildoan.

Hori da gure gune naturala. Agian bide horretatik ez gara inoiz iritsiko merkataritza guneetara edo denda handietara, baino akaso hori ez da gure lekua. Zigilu legalak, edo diskoetxe ofizialek daramaten politika ez dugu gustukoa. Musika hor dago, musikaren ingurukoa da beraien jarduna, baina musika ez da garrantzitsuena beraientzat. Dirua egitea dute helburu bakarra. Musika mundu honek ez balu dirurik emango, ez lirateke existituko. Gaur egun disko bat fabrikatzeko ez dago diskoetxe baten beharrik. CD baten fabrika-prezioa ez da euro batera iristen. Gero, grabaketa eta beste zenbait gauza gehitu behar zaizkio, baina hortik diskoak 12 edo 15 eurora saltzera, tarte handia dago. Nork ikusten du gero «tarteko» diru kopuru hori?

Diskoetxe ofizial baten bidez, agian, taldearen hedapena handiagoa izan zitekeen.

Ez dugu gure burua salduko zigilu batean egoteagatik. Talde askok, «errebelde» eta «alternatibo» hitzak erabiltzen dituzte taldea definitzeko unean, baina diskoetxe eta managerrak baldintzatuta sistemaren barnean daude erabat. Non geratzen da talde horien errebeldia? Non taldearen nortasuna dirua tartean sartzen denean? Gure eremu naturala gaztetxeak, tabernak eta musikarekin lotura duten lekuak dira. Punk rock eszena edota hardcore mugimendua horrelako lekuetan sortu eta sendotu da urte luzez, eta orain ere badago eszena indartsu bat. Bertan dago bizitza, bertan mugimendua. Taldeen lehen pausoak, maketen banaketak, kontzertuak, hor dago zirrara.

Disko berrira bueltatuz, punk Oi! musikari, salaketa eta aldarrikapena gehitzen dizkiozue.

Taldea sortzeko arrazoietariko bat, hitzetan zerbait esatea zen, mezu bat zabaltzea. Euskal Herriak, herri bezala daraman borroka islatu dugu kantu askotan edota gure inguruko errealitatea erakusten saiatu gara.

Diskoan agertzen diren zenbait abestiren hitzak espetxean idatzi ditu Peiok...

Bai. Disko honetako hiru hitz, espetxe barruan idatzitakoak dira, eta sumatzen da nolabaiteko indar berezi hori. «Behartsuen Hotelean» esaterako espetxeari buruzko kantu bat da, eta bertan bizi den errealitatea erakusten du. «Sua»k aldiz, errepresioari buruz hitz egiten du, erantzuteko beharraz. Gure kontzertuak musika festa bat izatea nahi dugu, non bizi garen eta arazoak badirela ahaztu gabe.

Ez dira garai onenak, baina, aldarrikapen edo salaketa kantuak idazteko...

Ez da makurturik egoteko unea... Errepresioa handia da azken bolada honetan eta eremu berrietara zabaldu da erasoa. Gertatzen ari den zapalkuntzaren aurrean batzuen isiltasuna negargarria da. Betidanik ezagutu ditugu Euskal Herrian egoera gordinak, eta aurrera egitea besterik ez zaigu geratzen.

diskoetxeak

«Sinesten dugu diskoetxe antikomertzial eta banatzaile alternatiboen koherentzian, egiten duten lan militantean eta musika eszenan eragiteko era horretan»

managerrak

«Musika talde askok edozer egingo luke diskoetxe edo manager bat izateagatik; taldearen izaera eta nortasuna alde batera utzi, kontratu batengatik»

Fitxa

Taldea: Orreaga 778.

Diskoa: «Aurrera!».

Kantu kopurua: CDan 6, biniloan 8.

Irteera data: Bihar, irailak 12.

Diskoetxea: Puzkarra, Petruska, Teletetxo.

Bihar: Azpeitiko Gaztetxean. Irailak 18: Egiako porrontxoetan (Donostia).

Irailak 25: Oñatin

(+ Angelic Upsters).

Sarean: <www.myspace.com /orreaga778>.

kantuak

«Soinu kaxkarra izan arren, kantu on bat beti izango da ona. Erdipurdiko kantu bat berriz, nahiz eta sekulako soinu kalitatea izan, ez da inoiz kantu on bat izango»

«Kontzertu sarrerarekin, disko berria opari»

Bihar gauean aurkeztuko dute Orreaga 778 taldearen disko berria Azpeitiko Gaztetxean. Ohikoan komunikabideetara begira egin ohi diren prentsaurreko eta promozio argazkiak alde batera utzita, jarraitzaileen aurrean aurkeztuko dute diskoa, taldeak hobekien egiten dakien lekuan: taula gainean, zuzeneko kontzertuan, eta lagunez inguraturik. Sarrera 5 euroan izango da, eta «Aurrera!» diskoa oparituko dute sartzean. Hernani-Añorgako taldeaz gain, Ukabilkada eta Material Rechazado ere izango dira kontzertuan. Jaia arratsean abiatuko da Txarrantxa tabernan. Bertan izango dira zuzeneko kontzertuan Neallta Fola eta Erasoka 17.00etatik aurrera.K. OTAMENDI

mezua

«Taldea sortzeko arrazoietariko bat, hitzetan zerbait esatea zen, mezu bat zabaltzea. Nagusiki Euskal Herriak, herri bezala duen borroka islatu dugu kantuetan»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo