«Lost in terminology»: zer esan duzu?
Blanca Izkue | Musikagintzako langilea
Musikak arlo digitalean zabaldu dituen eremuek zorabiatuta gauzkate, baina asko gure burua birziklatzera behartuta gaude, farandularen mundu honetan jarraitu nahi badugu behintzat. Hala sentitzen gara maiz nire tankerako ezjakintsuak: terminoetan galdurik. Agian hogei urte gutxiago bagenu... Baina hipotesi hori ezinezkoa bezain ergela denez, daukagunarekin aurrera jo behar dugu, arlo honetan ikasiz eta trebatuz. Ezin kexatu, ezen guk, zailtasunak zailtasun, mundu digitalaz zertxobait ikasteko aukerarik badugulako. Ez, ordea, ordenagailuaren beharra baino, ogi apur baten beharra duten milioika lagunek. Belaunaldi arteko zulo digitala inozokeria da, herrialde aberats eta pobretuen arteko mega-zulo digitalarekin alboratuz.
Gaiaren muinera joaz -azkenik-, musika digitaleko zenbait adituk gauza interesgarriak jakinarazi dizkigute. Horien artean, musikaren promozioaren bilakaerari buruzko zenbait ideia: egungo marketin digitalean adituek diotenez, ohiko hedabideen xedea jende anitzen informazioa bada, Internet banan-banako komunikazioa garatzeko bide aproposa da. Internet bidez, banan-banako harreman hori askoz errazagoa da milaka lagunei mezu bat helaraztea baino, hedabide tradizionalek orain arte jorratu duten bidea, alegia. Musika talde baten hedapen kanpainaren helburuen artean, lehentasunez aipatzen dute jarraitzaileen eremua zabaltzea, baita fan kluba arretaz zaintzea ere. Horretarako jarraitzaileak informatuta eduki behar dira, haiek ere nolabait protagonista sentiarazteko. Marketinaren alde garrantzitsua da, halaber, eragin birala lortzea: fan arteko produktuak partekatzea, baita «engantxe» efektua ere: taldearengan arreta erabat bereganatzea. Begi bistakoak iruditu arren, helburu hauen xumetasunean datza beren garrantzia, Internet beraren erabilera bezalaxe, sare sozialen arrakasta bezalaxe.
Musikaren hedapenerako, zenbait pauso aholkatzen dituzte marketin digitalean berezitutako enpresek: ezinbesteko posta elektroniko kontu bat zabalduta, sare sozialetan taldearentzat erakusleihoa zabaldu -YouTube, Flickr, Twitter, Last.fm, WordPress...-, eta norberaren profila sortu MySpace edota Facebook-en. Webguneak, blogak, Twitter, Pod-cast... hamaika zubi berri musikari eta jarraitzaileen artean. Orain gutxi beldurra eta mesfidantza eragiten zizkiguten termino berriak eta orain derrigor hiztegiratu beharko ditugunak.