GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

Uxue Apaolazak irabazi du Igartza saria, Landetan kokatutako thriller batekin

A.E. | DONOSTIA

Jasaten dituen gaitzen iturburura itzuli nahian, bere iraganeko pertsonaiekin kontaktatu eta gero hil egiten dituen idazle bat da «Hiltzailea» nobelaren proiektuaren protagonista. Eta proiektua da, oraingoz, datorren urtera arte ez baita kaleratuko. Beasainen, atzo iluntzean, eta Donostian, ordu batzuk lehenago, eman zuten jakitera aurtengo Igartza bekaren irabazlearen izena: Uxue Apaolaza, Madrilen bizi den idazle eta zutabegile hernaniarra. Hauxe izango da nobelan egingo duen lehen txangoa.

Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatutako sariketaren 12. edizioa da hau. Idazle gazteek bultzatzeko sortutako ekimen honek -35 urte baino gutxiago izan behar dituzte aurkezten direnek eta ezin dituzte bi lan baino gehiago argitaratuta eduki- 6.000 euroko laguntza eta lana kaleratzeko konpromisoa eskaintzen diete. Aurten, aurkeztutako 14 proiektuen artean, Karmele Jaiok, Xabier Etxeberik eta Igor Estankonak osatutako epaimahaiak Uxue Apaolazarena (Hernani, 1981) aukeratu zuen. «Ondo idatzia dago eta, bestetik, indar bat du -argitu zuena tzo Xabier Mendiguren Elizegi editoreak-. Indarra modu askotakoa izan daiteke, baina bere kasuan esango nukeena da gizartearen kontrako ezin egon eta gorrotoa ere badagoela eta horrek ematen dio nortasuna. Ezin esan daiteke goxoa denik: norberaren barruko alderdirik ezkutuenak edo itsusienak azaleratzen saiatzen da».

Zutabegintzan aritu da batez ere Uxue Apaolaza azken urteetan, baina ipuingintzan ere lan bat kaleratu du, «Umeek gezurra esaten dutenetik» (Erein, 2005), baita «Frantzisko Xabierrekoa iheslaria» (Txertoa, 2008), gaztetxoei zuzendutako santu nafarraren biografia ere.

«Hiltzailea»

«Hiltzailea» nobelaren protagonista -izenburua behin-behinekoa da- iazko bekan «sortu» zen, iaz proiektua aurkeztu baitzuen Uxuek baina orduan ez zuten aukeratu. Hari hartatik tiraka, «pertsonai antirobinsoniano» hori martxan jarri zuen, eta thriller generoaren estruktura lagun hartuta, Landetarako bidean jarri du literatura, «arma katartikoa bezala» duelarik. «Nik behin esan nion lagun bati, erdi brometan, ez asasinatzeko idazten nuela, baina gero berak jaso zuen beste zerbaiterako eta orain bueltatu zait... Printzipioz, protagonista idazten hasiko da jakiteko zergatik gertatzen zion gertatzen zaiona, bere gaitzen iturburua bilatzeko. Hiriz aldatzea ez da nahiko izango, eta orduan errepidean doala, Landetara, institutuan ikaskide izandako mutil batekin topo egingo du, facebook bidez kontaktatuko du beste batzuekin, eta orduan hasiko da bere iraganeko pertsonaia horiek hiltzen. Edo bere iragana hiltzen, zuzenean».

Eta zer dela eta Landetan kokatu? Gurasoek etxea dute bertan, eta aisialdirako sortutako paisaia horiek ematen duten jokoa -alaitasuna, jendea dagoenean; basamortuaren antzera, gainontzeko garaietan- aprobetxatu nahi duelako. Lan guztiaren emaitza? 2010eko otsailaren inguruan ikusiko dugu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo