GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Zazpi Herrialdeetako Txapelketa

Nafarroa Garaiak berea egin du

Seigarren urtez jarraian lortu zuten txapela. Hamar probetatik lautan garaile atera ziren. Gipuzkoak amaitu zuen bigarren postuan.

p039_f01.jpg

Jon LEUNDA |

Seigarren urtez jarraian irabazi du Nafarroa Garaiak Euskal Herriko Zazpi Herrialdeen Txapelketa. Herenegun jokatu zen Donezteben, eta plazako harmailak bete egin zituzten zaleek.

Hamar kirol proba jokatu zituzten, eta Nafarroa Garaiak lautan irabazi zuen, eta orokorrean, gainerakoak baino askoz ere orekatuago aritu zen, eta amaieran berriro ere garaipena erdietsi ahal izan zuen.

Hala ere, ongien hasi gipuzkoarrak hasi ziren, lehenengo bi saioak bereganatu egin baitzituzten. Lokotxetan Eneko Garmendia izan zen onena, lan guztiak 6 minutu eta 19 segundotan burutu ostean.

Ondoren txingak izan ziren ikusgai, eta berriro ere Gipuzkoa gailendu zen, Juanjoxe Agirregabiriak 24 plaza egin baitzituen. Hortik aurrera, ordea, gipuzkoarrek beste saio bat irabazi zuten, eta Nafarroak, aldiz, lau bereganatu zituen, eta horrek balio izan zien berriro ere txapela lortzeko.

Zaku-lasterketan heldu zen Lapurdiren garaipen bakarra. Urdangarin, Mendibu eta Lapitz aritu ziren taldean, eta garaipena beraientzat izan zen. Lana burutzen, minutu bat 35 segundo behar izan zituzten.

Hortik aitzinera hasi ziren, ordea, nafarren garaipenak. Lasto-altxatzen Karlos Seinek lortu zuen garaipena, 20 jasoaldi eman ostean.

Orga-jokoan, berriro Gipuzkoako ordezkaria izan zen onena, Urresti, 4 itzuli, 10/16 eta 1,30 metro eginda. Hortik aurrerakoetan, nafarrak gailendu ziren ingude-altxatzen eta harri-jasotzen izan ezik. Harri-jasotzen ez zen ezusterik izan, eta Aimar Irigoien izan zen onena.

Barberena eta Nazabal

Saioa amaitzeko lau ekinaldi falta ziren, eta horietatik hiru irabazi zituen Nafarroak, eta horrekin seigarren urtez jarraian garaipena erdietsi zuen, nahiz eta herenegun Gipuzkoak apur bat estutu zuen.

Bizkaiak ere irabazi nahi zuen probaren bat, eta Joxe Lapazaranek ez zuen hutsik egin ingudearekin. Larruskaingoa kirol honetan besteen gainetik ibili da, eta argi eta garbi utzi zuen lehiaketa honetan ere, bera izan baitzen onena, nahiz eta Aioroa nafarrak estu hartu zuen. 94 jasoaldi eman zituen berak.

Gainerako proba guztietan nafarrak izan ziren onenak. Sokatiran ezustea eman zuten. Abadiño, bizkaitarren ordezkaria zen faborito, baina azkenean etxekoek irabazi zuten, eta beren sailkapenerako beste zazpi puntu batu ahal izan zituzten, eta horrek ere asko balio zuen.

Trontzan ere ezustea ikaragarria ez zen izan, baina Esnaola anaiak, Gipuzkoako ordezkariak ziren faborito, eta azkenean, Barberena anaiek erdietsi zuten garaipena. Minutu eta 48 segundo behar izan zituzten lan guztiak amaitzeko.

Azkenik aizkora geratzen zen, eta hor alde handiak izan ziren, zazpi aizkolarien arteko tartea handia baitzen. Lau 45 ontzako zituzten ebakitzeko, eta hamar minutuko tartea utzi zieten. Hor amaitzen ez zituztenek, bertan behera utzi beharko zuten lana, eta Nafarroa Behereko eta Zuberoako ordezkariek ez zituzten beren lanak amaitu.

Floren Nazabalek eraman zuen garaipena. 4 minutu eta 20 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko Etxarriko txapeldunak. Aitzol Atutxa sailkatu zen bigarren postuan, eta Azurmendi, berriz, hirugarren postuan geratu zen.

 
Garaipenak

Nafarroa Garaiak eta Gipuzkoak lortu zituzten lehen bi postuak, eta beraien nagusitasuna handia izan zen. Jokatutako hamar probetatik launa irabazi zituzten herrialdeok.

Besteak

Lapurdik eta Bizkaiak ere irabazi nahi zuten zerbait, eta proba bana bereganatu zuten azkenean. Lehenengo herrialdekoak zaku-lasterketan gailendu ziren, eta bigarrenekoak, berriz, ingudearekin.

Lapurdi urtez urte argi eta garbi uzten ari da goranzko bidean doala

Hego eta Ipar Euskal Herrian ez da lana berdin egin, eta hori argi ikusi izan ohi da lehiaketa honetan.

Hala ere, gauzak aldatzen ari dira, eta Lapurdin herri kirol arloan lan asko ari dira egiten, eta emaitzak ere hasi dira agertzen.

Lehenengo Araba gainditzea lortu zuten, eta aurten jadanik 21 puntuko tartea kendu diete. Horiek atzean utzita, aurrekoei begira jarri dira, eta hirugarrena, Bizkaia sei puntura izan dute, eta bigarrena, Gipuzkoa, hamaikara. Nafarroa Beherean eta Zuberoan, oraindik lan asko dago egiteko. Hala ere kontuan izan behar da, bi herrialde oso txikiak direla. Araba, atzeraka doa, eta kezkatzekoa da hori. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo