«Gogorra da Hebronen gorrotoa modu gordinean azaltzen dela nabaritzea»
Giovanni Marrozzini Italiako Fermon jaio zen, 1971n. Freelance argazkilari gisa munduko makina bat bazterretan lan egindakoa da, eta Munduko Medikuak erakundeak antolatutako Argazkilaritza Humanitarioaren nazioarteko saria lortu ostean, gaitz psikikoak ardatz dituen lan bat egin berri du Palestinan. Emaitza Gernikako Bakearen Museoan jarri dute ikusgai, urtarrilaren 31a bitartean.
Anartz BILBAO |
Palestinako egoera latzak bertako herritarren osasun psikikoan dituen eraginak azaleratzea da Munduko Medikuek Gernikan ikusgai jarri duten «Okupatutako lurralde palestinarretan bizi irauten» izeneko erakusketaren helburua.
Erakusketa Giovanni Marrozzinik egindako argazkiz osatua dago. Italiarrak Etiopiako itsutasunari buruzko lanarekin Munduko Medikuek antolatutako Argazkilaritza Humanitarioaren nazioarteko saria eskuratu zuen iaz, eta berak azaldutakoaren arabera, horri esker burutu zuen Palestinan osasun mentalari buruzko lana: «2008an hiru hilabetez egon nintzen Zisjordanian Munduko Medikuekin eta lau hilabete gehiago Nazio Batuen Erakundearekin».
Marrozzinik hiru urte daramatza, han eta hemen, buruko osasunarekin zerikusia duten gaiak argazkilari gisa lantzen, eta bitxia da hautatutako gaia jorratzera eraman duen bidea. «Txikitan ospitale psikiko baten ondoan bizi izan nintzen, italiar lege berri batek denak itxi zituen arte. Nire aita erizaina zen bertan, eta nik gaixoekin jolasteko ohitura nuenez, egunero-egunero, nire lagunak ere bertara gonbidatzen nituen jolastera».
Lagunek baina, arriskutsua zela iritzita, ezezkoa ematen zioten Giovanni txikiari, «eta nik, haurra nintzenez eta ospitale psikikoko gaixoekin jolastea ez zela batere arriskutsua banekienez, arazoa nigan zegoela uste nuen, lagunek ez zutela nirekin jolastu nahi -dio Marrozzini harritu batek barrezka-. Gogorra egin zitzaidan orduan». 30 urte pasa dira harrezkero, eta osasun mentala lanerako gai hartuta, Palestinatik bueltan Albanian eta Kosovon ari da egun lanean, gai beraren inguruan.
Palestinar herriaren egoera larria eta bizi baldintza urriak ezagunak ditugun arren, Hebrongo egoerak, esaterako, gogor astindu du Marrozzini. «Hiri zaharreko erdigunean kolonoak dituen bakarra da Hebron hiria Zisjordanian. Etxe batean palestinarrak bizi daitezke, eta parean juduak -sare bat jarrita teilatu gainean, batetik bestera harrika ibiltzen baitira-». Marrozzinik azaldu digunez, «ikaragarria da gorrotoa hain modu gordinean arnasten dela nabaritzea». Hebronen gainera, Abraham zaharraren hilobia dago. Bertan dira musulman, judu eta kristau erlijioen patriarka handiak ere, «eta arraroa da horren giro nahasia aurkitzea».
Italiarrak azaldu digunez, «argazkilari legez, kontu handia agertu behar dugu ikusgai jartzen ditugun irudietan». Palestinara, «palestinarrekin lan egitera joan nintzen ni, gizakiekin lan egitera». Hori baita lehenik eta behin Marrozzinik kontuan hartzen duena. «Gustuko dut oso jendearen istorioak kontatzea, beraien familia agertu, zer gertatu zaien azaldu..., eta ez bonbardaketak, odola eta hilotzak baino ez azaltzea». Gainera, «gai delikatua da osasun mentalarena», eta gizaki hauek pairatu behar izaten duten egoera «hobeto ulertzeko» balio dezakete erakusketako argazkiek.
Palestinar Osasun Ministerioaren arabera, gaitz psikikoen alorrean 2.500 kasu berri agertu ziren 2007an, eta 2000. urteko intzidentzia tasa bikoiztu. Munduko Medikuak erakundearekin lankidetzan, lan hau garatzeko 80 istorio landu ditu argazkilariak, Palestinako gaixo psikikoak ardatz hartuta.
Giovanni Marrozzinik Munduko Medikuak elkartearen bitartez garatu eta Gernikara ekarri duen «Okupatutako Lurralde Palestinarretan bizi irauten» erakusketa aurrenekoz dago ikusgai. Eta argazkilaria pozik zen irekiera egunean izandako harrerarekin. «Ikusleek beraien sentipenak helarazi dizkidate, eta jakin-minez nabaritu dut jendea, galdera asko egin eta istorioak ezagutzeko irrikaz».
Argazkilari italiarraren ustez, «gizabanakoen bizimodua kontatzeko modu hau -argazkien bidez azaltzea- oso egokia dela uste dut, oso naturala baita argazkien indarrari esker». Modu horretan, ikusleak argazkian dakusan gizakiaren bizi baldintzei erreparatu eta hausnarketa bat egiteko ere erabil dezake erakusketa. «Hiru argazkiren bidez, saiatu naiz istorio bakoitza laburbiltzen, kontuan hartuta gai delikatua dela buruko osasunarena, eta horretarako irudi sinbolikoak erabiltzea iruditu zait egokiena».
1947az geroztik etengabeko gatazka pairatzen duen eremu palestinarrean bizitzeagatik bertako biztanleek dituzten buruko osasun arazoak agertzeko makina bat argazki dira ikusgai Gernikako Bakearen Museoan, egunero-egunero pasa behar dituzten (urtean 500 inguru batzuetan) checkpoint edo kontrolak, israeldarrek eraiki duten (eta luzatzen ari diren) segurtasun harresia, Armadak bonbardaturiko etxeak eta beste ageri dituztenak, eta batez ere, gizakiak, egunero-egunero bizimodu latza pairatzen duten haur, nerabe, heldu eta zahar palestinarrak. Indar handiko irudi sinbolikoak darabiltza Marrozzinik, artistikoki kontu eta arreta handiz landuak, «kazetari -argazkilari- bikaina izateko ezagutzen dudan modu bakarra ahalik eta artista bikainena» izatea baita, italiarrarentzat. «Ahalik eta irudi ederrenak sortuz jendeari pentsarazi eta ulertarazi» nahi baitie argazkilariak landu duen gai sakona. A. B.