GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bertsio ofiziala «asmatu» izana leporatu diote Aresi Lekeitioko herritarrek

Antzara Eguneko gertakarien erantzukizuna Ertzaintzak eta haren arduradun politikoek dutela salatu zuten atzo Lekeitiko herritarrek kalean. Rodolfo Ares sailburuaren bertsioa gezurtatu zuten.

p014_f02_139x112.jpg

Manex ALTUNA |

Lakuako Barne sailburu Rodolfo Aresek Antzara Eguneko gertakarien inguruan emandako azalpenak gezurra direla salatu zuten atzo Lekeition. Gogoratu zutenez, Ertzaintzaren arduradun nagusiak bi bertsio ezberdin eman ditu istiluen sorreraren arrazoiaz, eta besteren bat «asmatuko» ote duen galdetu zioten.

Atzo eguerdian 800 bat lagun batu ziren «Utzi bakean Lekitto» lemarekin Ertzaintzaren jazarpenaren aurka egindako manifestazioan. Isilean bete zuten ibilbide osoa, baina mobilizazioa bukatzera- koan, gertakarien inguruan herritarrek zuten bertsioa ezagutzera eman zuten.

Eragindako kalte materialen eta zaurituen erantzuleak Polizia autonomikoa eta haren arduradun politikoak direla adierazi zuten. Salatu zutenez, ertzainek ezagutzen dute Lekeitioko jai egun nagusian «herrian armaturik ibiltzeak suposatzen duen arriskua», eta horregatik, istiluak «planifikatuta» zeudela uste dutela esan zuten herritarrek.

Ildo horretan, egun osoan zehar Ertzaintzak izandako jarrera ekarri zuten gogora. Azaldu zuten goizeko hamaiketan poliziak jendez gainezka zeuden txosnetatik pasatu zirela pankartak kentzera, eta orduan egin zutela eguneko lehen «indar erakustaldia». Adineko gizon bat ospitalera eraman behar izan zuten jasotako kolpe baten ondorioz.

Baina, gaineratu zutenez, Ertzaintzak jarrera oldarkorra izan du jai guztietan zehar eta hainbat aldiz aritu izan da helikopteroarekin zelatan.

Auzitegi Nazionalera?

Istiluen jatorria ere argitu nahi izan zuten. Gauerdian, Bergara kalean, presoen ikur bat zeukan zapia ez kentzeagatik gazte bat atxilotu ondoren hasi zirela esan zuten. Inguruan zegoen jendeak atxi- loketaren zergatiaz galdetu zuen, eta hortik aurrera «pilotakaden zarata eta egurra» nagusitu ziren herrian.

Indar polizialen «okupazio eta jazarpenak» 1976ko Antzara Egunean Guardia Zibilak herritar andana kolpatu zituenekoa ekarri ziela gogora esan zuten. Aresek emandako bertsioak ere gezurtatu zituzten. Lehenengoan, talde bat Ertzaintzaren kuartela erasotzera joan zela esan zuela gogoratu zuten, baina nabarmen- du zuten inork ez diela inguruko herritarrei zerbait ikusi ote zuten galdetu, eta ez dituztela kamerek grabatutako irudiak aurkeztu.

Gasteizko parlamentarien aurrean emandako bigarren bertsioa ere ez zuten onartu. Barne sailburuak esan zuen emakume baten kontrako eraso batengatik egindako atxiloketa izan zela istiluen abiapuntua, baina atxilotua izan zen nesketako bati ertzain batek komisarian egindako ukituen aurrean ezer ez egitea kritikatu zuten.

Izan ere, atxilotuak izan ziren zortzi gazteek Ertzaintzaren egoitzan eta atxiloketa unean tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten. Hori dela-eta, atzoko manifestazioan beren babesa agertu zieten atxilotu guztiei, eta Auzitegi Nazional espainolera bidaliko dituzten ala ez itxaroten daudela salatu zuten.

ALKATEAri

Lekeitioko alkateak, Jose Maria Cazalisek, Ertzaintzak jaietan erabilitako indarkeriaren aurrean izandako jarrera kritikatu zuten. Halako egoera batean, herriko alkatea zertan ari den galdegin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo