GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

«Pareta luzeetan egin dudan biderik onena `Orbayu' da»

Iker POU I Eskalatzailea

Hormatzarren mundura iritsi zenetik, Gasteizko eskalatzaileak ekarpen ugari egin du. Egun, Euskal Herrian, zailtasuneko eskalada libre eta alpinoko espezialista nagusietarikoa dugu. Bere azken obrak, Eneko anaiarekin landu duena, «Orbayu» du izena: 500m, 8c+/9a, Picu Urriellu.

p044_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA |

Iker Pouk ondo baino hobeto jakin du kirol eskalada eta pareta alpinoak uztartzen. Ondo baino hobeto jakin du muturreko zailtasuna hormatzarretara eramaten. Eta, horrela bada, bietan ala bietan oso emaitza bikainak erdiesten ari da.

Euskal Herrian, bederen, kasu bakarrenetarikoa da. Bai, zailtasun tekniko handiak paretetan gainditzen duen bakanetakoa. Duela urte batzuk «jolas» honetan hasi zen, eta, dagoeneko, goi mailako libretatxoa du, era askean eginiko lehen igoerak: El Pilar del Cantabrico (8a+), Zunbeltz (8b+), Quinto Imperio (8b), Lurgorri (8c+) eta Orbayu (8c+/9a).

Bostek ala bostek zera dute komunean: konpromisoa eta zailtasun handia. Eta, jakina, bostek ala bostek badute beste eite bat komunean: Picu Urrielluko mendebaldeko aurpegia. Bada azken xedea, Eneko anaiarekin aurrera atera duena, agertoki berean izan da.

Urrielluko mendebal aurpegi horretan «Orbayu» izeneko bideari forma eman diote. Asmoa, berez, «Mediterranoa» bidea era askean igotzea zen, baina marraren lehen zatia ez da batere zuzena eta dituen zeharkaldiak nahiko arriskutsuak dira librean eskalatzeko.

Bermeja izeneko desplomean zeuden luze horiekin ahaztu egin ziren, baina Pou anaiek, zati hori ondo aztertu ondoren, bide zuzen bat aurkitu zuten. Guztira, 4 luze zabaldu dituzte; behetik zabaldu ere. Eta oso luze zailak atera zaizkie: 8a+, 8a, 8a eta 7a. Ondoren, «Mediterraneo»-rekin bat egin, eta hango bi luze gogor askatuta geratu dira: 8c+/9a eta 8a+. 7. luzetik 13-ra (horietako 4 «Mediterraneo»-koak eta beste hirurak Rabada-Navarrokoak), berriz, 6b+ gradutik beherako zailtasunekoak dira; hots, eskalada klasiko gisa ezagutzen den tartea.

8 ordu

Aipatu dugun bezala, «Mediterraneoa» zen helburua, eta horretarako Ikerrek bi luze gogorrenak («Orbayu»ko 5. eta 6.a) probatu zituen. Joan den ekainaren 20an, berriz, Pou anaiek Urriellura «oporretara» joatea erabaki zuten; izan ere, bi hilabete behar izan baitute «Orbayu»-ri forma eman eta askatzeko. Lan horretan zirela, Ikerrek 5. eta 6. luzetako korapiloak top-rop-ean (soka goitik) askatu zituen. 5. luzean, «Orbayu»-ren gakoan, aldaera bat egin zuten era askean igotzeko. Denborarekin, lehen lau luze berriak zein luze klabea mendean zituen anaia gazteenak. Soilik Orbayu bidea egunean eta era askean eskalatzea falta zen.

Eta egun handia iragan den 2a izan zen. Ohi den legez, Ikerrek luze zailenak sokaburu egin zituen, eta, justu izanda ere, guzti-guztiak era librean igo zituen. Eskalada hasi eta 8 ordura, bi anaiak gailurrean ziren. «Orbayu»rekin Ikerrek beste koska bat ezarri du Urriellun. Ondorengo elkarrizketan, Ikerrek «Orbayu»-ko esperientzia kontatu dio GARAri.

Dagoeneko, badaramatzazu urte batzuk hormatzarretan eskalada alpinoa egiten. Ibilbide horretan, non kokatzen duzu «Orbayu» izeneko azken erronka hau?

Uste dut pareta luze horietan egin ditudan eskalada guztietatik, «Orbayu» dela biderik onena. Hala ere, argitu nahi dut proiektu guztiak ezin direla maila berean jarri; besteak beste, batzuk-batzuk beste ezaugarri batzuk dituztelako. Azken honek, adibidez, Ratikon-eko filosofia dauka.

Kontuan hartu behar da, hasiera ezberdina izan zela; orain, askoz ere eskarmentu handiagoa daukat. Eta hori batez ere eite psikologikoan nabaritzen da. Bide horiek maila berekoak dira, hots, buruari asko exijitzen diotenak. Konpromiso handiko marrak izan dira. «Mediterraneo» bideko luze klabea oso arriskutsua da; «Zunbeltz»en baino beldur handiagoa pasa dut. Estilo berekoak dira, baina azken xede hau gogorragoa iruditu zait. Lan ugari egin behar izan dut bidea probatzen.

Paretetara eramaten duzun filosofia horrek, libre gogorrarenak, badirudi Urrielluko mendebal aurpegian duela bere isla nagusia.

Geure bigarren etxea da. Sekulako horma da, gauza mordoa egiteko aukera ematen duena, era askean igotzeko oraindik erronka piloa du, kalitate handiko harkaitza du... eta, gainera, ia inork ez du ezer egiten. Bestalde, etxetik gertu daukagu, eta uste dut Europako paretarik onena dela. Eiger, Ratikon... aipatzen dira, baina Urrielluko mendebal aurpegia hobea da.

«Orbayu» zabaldu eta era librean eskalatu aurretik, pareta horri begirada bat emanez gero, ikusten da bidez josia dagoela. Inork ez al dizue esan beste bat agian gehiegi zela? Uste al duzu txukun geratu dela?

Bai, argi dago bide pila bat duela. Hala ere, guk oso ondo aztertu eta begiratu dugu, eta uste dugu oraindik zatia zegoela hasierako 4 luzeak zabaltzeko. Berez, geure asmoa «Mediterraneo» bidea era librean igotzea zen, baina hasierako luzeak zeharkaldian egiten dira, eta hori oso gogorra da. Guk hasieratik bide zuzen bat nahi genuen.

Ezker-eskuinean «Principado de Asturias» eta «Marejada Fuerza 6» bideak ditu, baina hauek 10-15 metrora geratzen dira. Uste dut «Bermeja» izeneko erori handiko tarte horretako luze onenak zabaldu ditugula; bederen, arrokaren kalitatea oso ona da. Gainera, librean eskalatzeko, azkenean, Yosemiten bezala egin behar duzu; hau da, aldaera batzuk aukeratu. Adibidez, «Mediterraneo»-n librean eskalatzeko zabaldu dugun aldaera estetikoa da oso. «Mediterraneo» marra beste garai batekoa da eta modu batean zabaldu zen. Gu, beste hamarkada batekoak gara, eta egin duguna da libre eskalatzeko aukera bat hartu eta, inor molestatu gabe, xede hori bukatu.

Bideak bi aurpegi oso ezberdin ditu. 6. luzera arte oso zailtasun tekniko handiak ditu. Hortik aurrera, berriz, bidea erabat lasaitzen da graduan. Pena eman al dizu zailtasun iraunkor hori ez mantentzeak?

Jakina. Baina dagoena dago. Horrekin esan nahi dut zailtasunak bukatzen diren tarte horretatik gora oraindik oso luze onak eta gogorrak ikusi genituela, baina hor goian zikinkeria asko dago eta, gainera, ez genuen inolako polemikarik sortu nahi. Hor goian oso aldaera ederrak ikusten ziren, 7c atera daitezkeenak. Baina, esan bezala, beste aukerarik ez zegoen, eta bigarren zati hori nahiko klasikoa geratu da.

Hilaren 2an «Orbayu» 8 ordutan eta era askean igo zenuten. Luze gogorrenak sokaburu igo zenituen, bata bestearen atzetik. Nahiz eta horiek guztiak «kontrolpean» izan, nolakoa izan zen kateatze egun hori?

Oso gogorra. Uste nuen errazagoa izango zela, saio ugari egin nituelako. Adibidez, luze zailenari 30 saio eman nizkion. Eta hemen (kirol eskaladan) 8c+ graduko bide bat egiteko 3 saiorekin nahikoa nuen. Jakina, zailtasun hori pareta batean gainditzeak gehiago eskatzen dizu. Alabaina, luze hori arriskuaren eite hori kontuan hartu gabe graduatu dugu.

Kateatze egunean mugan ibili nintzen. Lehen 4 luzeak ondo gainditu nituen, baina, jakina, esfortzu handia eskatu zuten. Luze zailena oso justu kateatu nuen, eta asko nekatu nintzen. Eta ondoren, 8a+ gradukoa nuen aurretik. Hori ere mugan atera nuen. Zailtasunean, 6 luze horiek oro iraunkorrak dira. Eta horri konpromisoa gehitu behar diozu. «Mediterraneo»ko 8c+/9a-ko luze horretan ezin zara erori.

Zailtasun handiko luzeez hitz egiten ari gara, baina uste dut bukatu berri duzuen proiektu honetan erabili duzuen estiloa ere nabarmendu behar dela.

Oso estilo ona da. Lehen 4 luzeak behetik hasita ireki ditugu. Oso gogorra izan zen: eroriko asko, gakoetatik zintzilik egon, daratulua eskatu txapa jartzeko... Daratulua eskuetan, 4 eroriko izan ditugu. Zabaltzerakoan fisureroak eta friendak sartzen ziren tokietan sartu ditugu. Ezinezkoa bazen, orduan bai, paraboltak jarri ditugu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo