Liga hasiera garratza izan dute Ohorezko Mailako euskaldunek
J.L. |
Pegamo Bera Berarengan itxaropen handiak zeuden jarrita, eta hasteko, Ligako irabazteko faborito nagusietakoa den El Salvador egokitu zitzaion. Amaieran 18-19 erakusten zuen markagailuak Valladolidekoen alde, baina erarik mingarrienean galdu zuen talde gipuzkoarrak, partida amaitzeko luzapena bakarrik falta baitzen. Donostiarrak 18-16 irabazten ari ziren, eta azkeneko jokaldian epaileak kanpotarren alde zigor-kolpe bat agindu zuen, eta horri esker garaipenak ihes egin zien etxekoei.
Amaieran defentsako lanari esker lortutako puntuarekin konformatu behar izan zuten, baina partida nola joan zen ikusita, horrek poz gutxi eman zien, garaipena ia-ia beren eskuetan zutela ikusten baitzuten. Daniel Larretxeak egin zituen gipuzkoarren puntu guztiak, eta denak zigor-kolpeei esker izan ziren.
Bizkaia Gernikak ezin izan zuen garaipenik lortu bere estreinaldian, astindu handi samarra hartu zuen, baina lau entsegu egiteko gai izan ziren, eta horri esker, erasoko puntu gehigarria lortu ahal izan zuten, eta partida nola joan zen ikusita, pozik egoteko modukoa izan zen. Bizkaitarrek 55-29 galdu zuten La Vilaren zelaian.
Alacanteko taldea hasieratik hobea izan zen, eta bere nagusitasuna argia izan zen. Hala ere, gernikarrek erasoan min egin zuten, eta lau entsegu lortzea ez dago batere gaizki. Ortizek bi entsegu egin zituen, eta Vilak eta Negrillok, berriz, bana, eta Mazak hiru zigor-kolpe gauzatu zituen.
Ezer gabe
Nahiz eta hiru euskal taldeek galdu, okerren Ampo Ordiziak bukatu zuen, gipuzkoarrak ezer gabe geratu baitziren Quesoren zelaian 30 eta 19 galdu ostean.
Goierritarrek ere ez zuten hasiera samurra. Itxura ona eman arren, ez zien balio izan ezer lortzeko. Euskaldunak aitzineratu egin ziren markagailuan, baina gero ez zuten alde horrekin jokatzen jakin. Presaka aritu ziren, opari asko egin, eta etxekoek ez zuten barkatu. Neurketan sartu, eta lasaitu zirenerako, norgehiagoka ia erabakita zegoen, eta punturik gabe etxeratu behar izan zuten.
Huxfordek eta Matarucok entsegu bana lortu zuten, eta Simpsonek, berriz, hiru zigor-kolpe gauzatu zituen, nahiz eta entseguak transformatzerik ez zuen lortu.