GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR I Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia

Plan, plin, plan!!

Andaluziako mendiko etapak egin eta gero, azken astean sartzera doa gure lasterketa. Aurreko zutabetxo batean esandako moduan, Granadan eta Jaen artean, euri arriskua egon da, baina gutxigatik bada ere ez gara gehiegi busti (hemen ere, lasterketa antolatu behar izan dute, euri arrastoren bat ikusteko).

Baina, betiko moduan, lasterketa alde batera utzi, eta gure burutazio eta pentsamenduak nondik nora dabiltzan aitortuko dizuet. 18 egun dira etxetik irten ginenetik, eta 3 asteko rally hau azken astean sartzera doa. Horrek esan nahi du laster nor bere etxera joango dela, eta txirrindulari, laguntzaile eta zirku honetan gauden guztiok, egunak atzekoz aurrera zenbatzen hasi garela. Behin, azken astean sartuta, mahaian izaten ditugun ohiko gaiak (lasterketari berari buruzkoak, eta auto eta motorrenak gehienetan) alde batera utzi, eta bakoitza bere amets txikiak egiten hasten gara. Arrazoi zuen Txurruk, pixka bat artaburuak garela, ze denetik eduki eta gauzarik txikienari ematen diogu izugarrizko garrantzia.

Horregatik, batek esaten du, Vuelta bukatu eta aurreneko gauza, emaztea eta semearekin, pintxo batzuk jan eta garagardo batzuk hartzera joatea izango dela. Besteren bat, Teneriferako hegazkinak bilatzen dabil Interneten, eta 245 . gelan dauden bi arloteak? Horiek, pedalei baino buelta gehiago ematen diete goiko ganberari! Txurruk Veneziara ihesalditxoren bat egin behar omen du. Kataluniako rallya ikustera ere joan behar omen dugu, Txurru x3 eta Tere amari furgoneta kenduta. Grupeta-koekin transpirenaika egitera ere joatekotan gelditu ginen. Nik berriz, (Txurrun plan guztietan , batere kulpa nire izena agertzen delarik) plan hauez gain, beste batzuk eginak ditut. Xabatek, baloi gorri bat erosi, eta jo eta su futbolean aritu behar dugula esaten dit telefonoz, amak berriz, familiakoekin bazkari bat, koadrilakoek ea sanmigeletara ihesalditxoren bat egingo dudan; eta saltsa-maltza honetatik garbi ateratzen den bakarra, denei baietz esan eta egun bererako plan ezberdin pila aterata, erdietara ez garela iristen gero.

Urtetik urtera istorioa errepikatu egiten da, pentsatu, begiratu, mila buelta eman. Horrenbeste gauza egin behar genituen, eta negua pasa, eta berriz ere Benidormen ikusten dut neure burua, neguan neure buruari zin egin nion pisutik pare bat kilo pasata! Esaten ditugun gauzetatik, ehuneko hamar ere ez dugu egiten, baina zein pozik makinatu eta amesten ditugun ikusi ahal izango bazenute, horrenbeste buelta emateak merezi duela pentsatuko zenukete!

Horregatik, zutabetxo hau bukatzen ari naizen bitartean, nire gelakidea hor dabil Interneten hara edo honako irteera bat prestatzeko asmotan! Ez diot ilusiorik kenduko, baina ziur nago, bere asmo txikiak, horretan baino ez direla geratuko, asmotan!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo