GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Oihana Llorente Kazetaria

Hezkuntza Corte Ingles-a balitz...

Telebistako iragarkiak ikustea bezalakorik ez da ikasturte berri baten atarian gaudela ohartzeko. Atzean gelditu dira bizkarreko minak, zarata besterik egiten ez duten gurpildun motxilei harrera egiteko. Denboran aurrera goazela frogatzeko ordea, haurren amantalei so egitea besterik ez dago; behingoagatik koloreak existitzen direla jabetu dira jostunak eta sexuen arabera banatzeko beste funtziorik ez duten urdin eta arrosa tradizionalez haragoko eskaintza egin dute.

Asko, ordea, zur eta lur geldituko lirateke motxila modernoetako testuliburuak edota kolore biziz jantzitako umeen hizkuntza maila aztertuta. Izan ere, hezkuntza bera ez da Corte Ingles-aren antzera garaietara egokitzen, hogeita sei urte luze dira-eta hizkuntza ereduak indarrean jarri zirenetik. Zezenari adarretatik heldu ordez, Lopezen Gobernua arazoa betikotu nahian dabil; bestela nola ulertu matrikulazio unean gizarteak erakutsitako nahien kontra, ehuneko bostera iristen ez den A eredua ziurtatzeko erakutsitako grina?

EAJkoak hobeto isilik, ordea; haiek izan baitzuten hezkuntza aldatzeko giltza. Harritu ere ez gintuen egin PSEk promestutako eta iritsi ez zen paktuari begira belaunikatu, eta etorkizuneko belaunaldiak kondenatu izana.

Maila honetako politikarekin inora ez goazen arren, denborak ez du atsedenik hartzen eta urteak joan ahala, kaltea handitu besterik ez da egiten. Gasteizko, Nafarroako eta Estatu frantseseko hezkuntza arduradunen hezkuntza ereduak ikasle kaltetuak besterik ez ditu ekoizten. Urtero milaka dira euskal gizartean bizi ahal izateko euskara maila egokia jasotzen ez duten ikasleak. Eta horrek, gerora, gastuak besterik ez ditu ekartzen, bai euskaldundu nahi den norbanakoari eta bai gizarteari ere. Izan ere, zenbat diru xahutzen dute erakunde publikoek euren langileak euskalduntzeko? Argi dago behar bestekoa ez dela, baina bai zer edo zer. Eta ez al da errazago kalteak eragiten dituen sistema berrikusi eta eraldatzea? Ez dago master bat eduki beharrik ondo ez dabilena konpondu behar dela ondorioztatzeko, ez politikagintzakoa behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo