GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Bertsolari txapelketa nagusia 2009

«Gazte kopurua ez da kasualitatea, bertso-eskolen lana dago atzean»

 
Xabino San Sebastian
2009ko bertsolari txapelketa nagusiaren arduraduna

2005ean bezalaxe, bigarren aldiz sartu da Xabino San Sebastian txapelketaren antolaketan. 41 urteko lizartzar honek badu nahikoa eskarmentu txapelketetan. Batez ere gai-jartzaile moduan ikusi ahal izan dugu aurreko ediziora arte. Horrez gain, irizpide txostenaren egileetako bat ere bada.

Bigarren urtez Txapelketa Nagusiko antolakuntzako burua. Esperientziak segurtasun handiagoa ematen al du?

Lehenengoan urduritasuna zen nagusi, ez bainekien non sartzen ari nintzen. Baina berriro galdetu zidatenean baiezkoa eman nuen, banekielako zer dakarren: urtebete luzeko konpromisoa zure lanorduetatik kanpo. Aurten hala ere, bi pertsona ari gara lan horretan: Jokin Castaños eta biok. Asmoa datozen edizioetarako belaunaldi gazteagoei lan hau transmititzea da.

Zenbat denbora daramazue prestaketa lanetan?

Iazko maiatzean hasi ginen lehenengo bilerak egiten, aurreko edizioetako informeak irakurri, ze akats egin genituen ikusi, eta pasa den irailetik hona buru-belarri gabiltza antolakuntzako 15-18 lagun eta hamarna gai-jartzaile eta epaimahaikide.

Aurtengoan partaidetzan nabarmentzekoa, gazteen indarra.

40 urtetik gorako bakarra dago, Egaña (48), beste guztiak hortik behera. Bertsolaritza guk festa bezala bizi dugu eta beraien artean kiroltasun handia dagoela uste dut. Baina azkenean, taula gainera igotzen direnean, ahal den ondoen egin nahi dute denek eta lehia sortzen da. Uste dut lehian gaztea gehiago saiatzen dela «zaharra» baino, ez diogu zaharra deituko 48 urtekoari... Bertsolari «kontsagratuari» beldurra ematen dio irabazi baino gehiago galdu egingo ote duen txapelketarekin, eta uste dut hori dela arrazoia.

Bertsolaritzaren jarraipena ziurtatuta dago, beraz.

Ez da kasualitatea. Transmisioa deituriko estrategia bat jarri zen martxan duela urte batzuk. Bertso-eskolak hasieran Bizkaian eta Gipuzkoan hasi ziren lanean eta pixkanaka zabaltzen joan ziren eta horrek orain dakar bere fruitua. Nukleoa bertso-eskoletan bertan hazten da eta horrek berarekin dakar sare guztia: lagunak, familia... Uste dut estrategia horrekin asmatu egin zela. Orain, hor daukagu erakusteko eta noski, gu aurrera goaz eta gehiago zabaldu nahi dugu.

Gazteenganako hurbiltze horretan saiakera berezia egin duzue teknologia berriekin.

Bertsolaritzak zerbait erakutsi baldin badu, garaian garaira egokitzen jakin duela da. Bertsolaritza malgua da eta hortik dator gaur egun ikusten ari garen arrakasta. Saiatzen gara behintzat jendearengana heltzen eta hori jendeak eskertzen digu.

Hala ere, entzungo zenituzten tradizionalenen kritikak. Internet eta Bluetooth hitzak zer diren ez dakien asko egongo da oraindik.

Oroitzen naiz nola kontatzen zuen Amurizak bere ibilbidearen eboluzioan, plazak uzten joan zenean, ezberdintasun nabarmena nabaritu zuela: kanpoan Land-Rover gutxiago eta barruan txapel gutxiago. Hala ere, ez dut uste publiko mota hori galdu dugunik, Gauss-en kanpaian hartzen badugu, asko zabaldu dugula uste dut.

Eutsiko al dio «zaharrak» txapelari?

Oraindik ez dizut erantzungo, txapelketaren eboluzioan ikusten da gainerako bertsolariak nola prestatuta datozen eta zenbateraino estutu dezaketen Andoni, Maialenek 2001ekoan eta Unaiek 2005koan egin zuten bezala. Finalean sartzeko lehia oso gogorra izango dela iruditzen zait eta edozein finalistak estutu dezake. Baina Andoni, plazetan ikusita, oso sasoi onean ikusten dut, oso ongi prestatuta oraindik ere. Uste dut marra oso altua jarriko duela eta norbaitek marra horren gainetik pasa nahi badu, oso ondo prestatuta etorri beharko du.

A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo