GARA > Idatzia > Kultura

ESZENAK

Dantzaren inguruan trukean aritzea du xede T-Danz jaialdiak

Euskal dantza tradizionalaren eta dantza garaikidearen arteko topaketa eta trukerako hitzordu izan nahi du urriaren 2, 3 eta 4an Donibane Garazin ospatuko denak. Hilaren 21etik, bestalde, Jon Maiak eta Rêvolution Hip Hop taldeko kideek ikastaro bana eskainiko dute.

Ainize BUTRON |

T-Danz deitu dantza jaialdiaren lehen edizioa izango da Donibane Garazin ondoko urriaren 2, 3 eta 4an. Euskal dantza tradizionalaren eta dantza garaikidearen arteko topaketa eta trukerako aukera izan nahi du Garazikus herri agertokiak abiatu egitasmo berriak. «Dantzaren unibertso guztien arteko topaketa bat izan nahi du T-Danz-ek», argitu zuen Jean Yves Ostroyevski Garazikuseko zuzendariak.

Topaketak, izan ere, irailaren 21ean abiatuko diren bi ikastaroekin hasiko dira. Kukai dantza taldetik Jon Maia eta Rêvolution Hip Hop dantza konpainiarekin gauzatuko dira. «Ipar Euskal Herriko dantzariei zuzendurikoak dira ikastaroak», zehaztu zuen berriz zuzendariak.

Ikastaro horiek izango dira, ondotik hiru egun iraungo dituen jaialdiaren abiapuntua, eta bertan sortuko diren lanak festibalean azalduko dira. Karrika eta Jai Alaien txandakatuko dira ikusgarriak. Horrela, urriaren 2an, lehen hitzordu nagusia Kukai Tanttaka konpainia arratseko bederatzietan jarrita duena izango bada ere, aurretik, kaleetan Dantzaz taldeak erakustaldiak egingo ditu. Larunbatean, berriz, Rêvolution taldea agertuko da. Igandea izango da egun garrantzitsuena. Goizetik arratsera, dantza herriko karriketan barna zabalduko da Ebats Lauetan deitu ekimenaren barruan. Ertza, Le Ballet des Zigues, Garaztarrak taldea eta Bardozeko KSI taldea eta ikastaroetan parte hartu duten dantzariak arituko dira. Igandeko egitaraua egunean bertan banatuko zaie herritarrei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo