GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lan istripuak ez dira ustekabeko gertakariak

Atzo, Eibarren, 35 urteko langile bat hil zen lanean ari zela, karga-altxagailu batetik erorita. Herenegun Intzan (Nafarroa) 60 bat urteko gizon bat zendu zen, zeraman traktorea iraulita. Herenegun, halaber, bere lanpostuan zegoen beste gizon bat joan den ostiralean hil zela jakinarazi zuten. Ez dira azken sei egunotan Euskal Herrian izan diren istripu bakarrak, langileak hil direneko istripuak baizik. Aurten, gutxienez 62. Hedabideetan ekonomiari buruzko berriek orrialde ugari betetzen dituzte egunero, direla krisiaren kontrako neurriak, direla halako enpresaren irabaziak... baina lan istripuak ez dira inon ageri, tartean hildakoren bat izan ezean eta ustekabeko gertakaria izan balitz bezala. Hala ere, egunero-egunero gertatzen dira lan istripuak, arinak zein larriak, gerta ez daitezen ardura dutenak larregi asaldatu gabe. Segurtasun neurriak betetzea enpresaburuen ardura da, baina krisialdian bezala oparoaldian segurtasunean inbertitzea ez dute errentagarritzat jotzen; aitzitik, kontratu eskasak hobesten dituzte. Ikusi besterik ez dago enpleguen prekarietate -lan istripuen kausa nagusia- gero eta handiagoa. Baina ez litzateke hala izango segurtasun neurriak berrikusteko ardura dutenek beren zeregina behar bezala egingo balute: segurtasun neurriak ez betetzea garesti ordainaraztea erabakiko balute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo