GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

June FERNANDEZ I Bizkaiko SOS Arrazakeriako kidea

Prostituzioa, hipokrisia eta Atzerritartasun Legea

Hona hemen paradoxa: Atzerritartasun Legea prostituzioaren fenomenoa larritzen duen arazo bat dela onartu beharrean, hainbat politikarik, Bartzelonako alkateak kasu, prostituzioan aritzen diren etorkinen kontra biziki aplikatzea eskatzen dute

Duela bi aste komunikabide ezagun batek Bartzelonako erdigunean sexu esplizitua erakusten zuten argazki gordin eta iraingarriak argitaratu zituen, eta horrek erakundeek prostituzioaren aurrean izan behar duten jarreraren inguruko eztabaida berpiztu du. Beharrezko eztabaida da, baina, tamalez, ordena publikoko arazo soil gisa tratatzen ari dena. Iritzi publikoa arduratzen duena, antza, ez da prostituzioan aritzen diren emakumeek (gehienak paperik gabeko etorkinak) pairatzen duten bazterkeria eta diskriminazio anitza, ikusezintasuna eta eskubide gabezia, baizik eta zenbait auzok eszena marjinalak bizitzea.

Euskadi ez dago eztabaida horretatik kanpo. Bilboko Udalak adibidez, hilabeteak daramatza Bartzelonako ordenantzaren antzeko zerbait prestatzen. Helburua, berriro ere, ez litzateke gure hirian zerbitzu sexualak eskaintzen dituzten paperik gabeko emakume nigeriarrak babestea, baizik eta haiek ezkutatzea eta sakabanatzea (esku hartze soziosanitarioa zailtzen duena), hiriko itxura «zikindu» ez dezaten.

Bartzelonako argazkiek beste eztabaida errepikagarri bat ireki dute: azken irtenbidea zein den, prostituzioa abolitzea edo erregulatzea, alegia. Prostituzioa kaleetatik ateratzeko presioa egiten dutenek erregulatzearen aukera galdatzen dute. Gure iritziz, ordea, abolizioa vs. erregulazioaren eztabaida errealitateak gainditu du. Ezin da erregulazioaz hitz egin prostituten %90 etorkinak direnean, eta kalean aritzen diren gehienak egoera irregularrean daudenean, hau da, paperik gabe.

Egun, edozein atzerritarrek erregularizaziorako duen bide bakarra «errotze soziala» da, Estatu espainolean hiru urte daramatzala eta lan eskaintza bat duela frogatzea eskatzen duena. Corbacho ministroak jatorrizko herrian kontratatzearen bidea desagerrarazi du, eta ez dugu uste prostituzioa estalpen zailtasunak aurkezten dituen eta atzerritarren eskulana eskatzen duen lanpostu izendatuko dutenik. Hau da, prostituta batek bere egoera erregulatzeko hiru urte igaro behar ditu paperik gabe eta klub batean lan egiteko eskaera bat aurkeztu. Ezin du bere kabuz lan egin, autonomo gisa? Etorkin bateek lan autonomoaren estatutuan sartzeko bete behar dituen baldintzak begiratzen baditugu, guztiz eginezina dela ulertuko dugu.

Ondorioz, nahiz eta jarduera legezko bilakatu, sektoreak ezkutuko ekonomian errotuta jarraituko luke: kluben jabeak egoera irregularrean dauden langileen (eskubiderik gabekoak eta euren kabuz lan egiteko aukera rikgabekoak) lanarekin aberasten jarraituko lukete. Esperanza Aguirre Madrilgo presidentearen ustez, prostituzioaren erregulazioaren alde ez egitea hipokrita da. Gure aburuz, hori ez da hipokrisia, baizik eta, etorkinak diskriminatzen dituen legedia dela-eta, prostituzioaren erregulazioak ez lukeela prostituta gehienen egoera hobetuko ezkutatzea.

Ondorioa argia da: emakume horiek biktimak badira, generoen arteko desberdintasunez gain, Atzerritartasun Legearen biktimak dira. Lege hori dela-eta, lan prekario eta alienatzaileenak baino ezin dituzte hautatu, prostituzioa eta etxeko lanak, besteak beste. Mafiei buruz asko hitz egiten da, arazoaren iturria balira bezala, baina mafiek egiten dutena europar mugen blindajearen ondorioak aprobetxatzea baino ez da. Blindaje horrek emakumeek proiektu migragarri autonomo bat garatzea oztopatzen du eta, hortaz, trafiko sexualaren sareen hitzak sinesten dituzte.

Hori gutxi balitz bezala, Estatu espainolak pasa den urtean onartutako Salerosketaren Kontrako Planak onartzen du biktimek ez dutela beren egoera salatzen paperik gabe egoteagatik kanporatuak izateko duten beldurra dela eta. Plan horrek, hala ere, biktima bat babesteko, poliziarekin kolaboratu dezala exijitzen du. Baldintza hori onartezina iruditzen zaigu eta berriz ere emakumeen segurtasunaren eta eskubideen gainetik mafien kontra egitea lehenesten dute.

Hona hemen paradoxa: Atzerritartasun Legea prostituzioaren fenomenoa larritzen duen arazo bat dela onartu beharrean, Bartzelonako alkatearen gisako politikariek prostituzioan aritzen diren etorkinen kontra biziki aplikatzea eskatzen dute. Hau da, poliziak ezin dituenez atxilotu beren jardueragatik, ez baita ilegala, kanporatze agindu bat irekitzen die egoera irregularrean egoteagatik. Emakumeak zapaltzen dituen prostituzioaren aurka egin nahi dutela dioten politikari berberek zigor bikoitza proposatzen dute prostitutentzat: kanporatuak izatea gure gizartean ikustezin, eskubide gabe eta osasun fisiko eta emozionalari lotutako arazoak pairatzeko arriskuan bizi eta gero. Bestalde, edonor aurkezten du bere burua emakume hauek «salbatzeko» prest. Baina eurek eskatzen dutena ez da bizirauteko aukeratu duten estrategiatik salbatuak izatea, baizik eta ahotsa eta eskubideak dituzten hiritar gisa aintzat hartuak izatea.

Azkenik, mezu ugari daude prostitutei errua bota eta estigmatizatzen dituztenak, edo biktimizatzen dituztenak, errudunak esplotazio sareak direla argudiatuz. Baina ezer gutxi hitz egiten da prostituzioaren bizirautea ahalbidetzen duen beste kolektiboari buruz: puteroak. Ez legoke eskaintzarik eskaerarik gabe, baina eskaera horren bizirauteak eta jendartean gero eta onartuago egoteak ez du ia hausnarketarik pizten.

Zer dago Mendebaldeko gizon gazte baten buruan lotsarik gabe kale erdian eskubiderik gabe bizi den eta hirugarren kategoriako hiritartzat hartzen den emakume batekin larrua jotzen diharduen bitartean? Prostituzioak emakumeak zapaltzen baditu, zergatik ez da ezer esaten zapaltzaileei buruz, hau da, negozioa elikatzen duten gizonei buruz? Genero ikuspegia daukaten sentsibilizazio programa gehiago garatu behar dira, aisialdian puten bila joateko ideia arinaren aurrean sexu zerbitzuak ordaintzean gizonek betetzen duten papera ulertarazteko.

Ikuspegi antiarrazista eta feminista batzea ezinbestekoa da, hortaz, prostituzioa azaltzen duten arrazoiak ulertzeko eta, hala, bidezko politika eraginkorrak garatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo