Lehendakaririk gabeko lehen Alderdi Eguna ospatuko du EAJk hilaren 27an
Manex ALTUNA |
EAJren EBBko idazkari Belen Greaves eta EBBko burukide Joseba Aurrekoetxeak aurtengo Alderdi Egunaren nondik norakoen berri eman zuten atzo Sabin Etxean. Hilaren 27an egingo dute ospakizuna Forondako zelaietan, eta Lakuako Gobernua osatu zenetik lehendabiziko aldiz ez da lehendakaririk izango ekitaldian.
Patxi Lopez Lehendakaritzara heldu eta EAJ Gasteizko Gobernutik kanpo geratu ondoren, Iñigo Urkullu izango da aurtengo protagonista bakarra. EBBko lehendakaria izango da jarraitzaile eta kide jeltzaleen aurrean hitza hartuko duen bakarra, Aurrekoetxeak nabarmendu zuenez «alderdiaren garaia» baita orain.
«Guztiok bat» izango da festaren lelo nagusia eta horrekin EAJk krisi ekonomikoa gainditu, autogobernua areagotu eta bakea eta ETAren deslegitimazioa lortzeko «konpromisoa eta batasunaren aldeko apustua» egin duela adierazi nahi dutela esan zuten.
Ikurrina erraldoia
Aurtengo Alderdi Egunean 100.000 lagun batzea espero dute eta guztien artean ikurrina erraldoi bat egiteko asmoa dutela azaldu zuten «Euskadi nazio bat dela» adierazteko.