«Gogo biziz» ospatuko da Agurainen Araba Euskaraz datorren ekainaren 20an
Oionen izandako edizioa atzean utzi, eta Aguraingo Lautada ikastolak hartu du lekukoa dagoeneko. Euskara «ikastolatik atera eta herriko eguneroko errealitatera zabaltzea» dute helburu aurtengo antolatzaileek.
Zuriñe ETXEBERRIA |
Datorren urteko edizioa aurkezteko goiz dela irudituko zaio askori, baina Araba Euskaraz-ek atzean duen lanaren eta ondo antolatzeko behar den denboraren isla besterik ez da. Araban euskaltzaleen festa egingo den 30. aldia izango da eta, atzo bertan, data, leloa, helburuak eta logotipoa aurkeztu zituzten.
«Gogo biziz» lelopean izango da zita datorren ekainaren 20an Agurainen. Logotipoaren oinarri «A» eta «E» hizkien arteko jolasa irudikatzen duen marrazki bat hartu dute; Agurain, euskara eta Araba lotzeko asmoz.
Antolakuntza lanetan arituko den Lautada ikastola sortuberria da; aurtengoa lehendabiziko ikasturtea dute. Aspaldi mojen eskola bat bazen ere, iaz, gurasoen gain geratu zen ikastolaren kudeaketa eta kooperatiba sortzea erabaki zuten. Horregatik, helburuak zehazteko orduan ez dute aukera dituzte buruan, alegia, sortuberriak izanda, hamaika gauza eraberritzeko premia baitute.
Agurainen «euskara esparru guztietan komunikatzeko tresna» izan dadin lortzea nahi dutela argitu zuen Maite Ortegak, Lautada ikastolako zuzendariak.
«Añanan mingainean»
Bestalde, eta hau ere Araban, igande honetan «Euskara Añanan mingainean» ekimena izango da hamalaugarrenez Erriberako Antezanan. Kilometro eta erdiko ibilbidea prestatu dute eta besteren artean, Porrotxen eta Txan magoaren emanaldiak eta Drindot´s taldearen eskutik erromeria izango dira. Helburua, gutxika, herrialde osoan euskara berreskuratzea izango dute.