«Porrontxoak egin egingo ditugu, inoiz baino gogotsuago gainera»
Porrontxo jaiak heltzen direnean egiten du distira: bere soineko politena jantzi eta poz-pozik zabaltzen du jaia Egian barna. Bideko harri-koskorren gainetik salto egin eta guztiok batera jai herrikoien alde inoiz baino indartsuago ekiteko unea dela esan eta festan parte hartzeko gonbita egin die herritarrei.
Porrontxoen atarian, trabak eta debekuak. Zer gertatu da, Porrontxina?
Aurtengo mehatxua Udalaren 12.000 euroko diru-laguntza ez ematea izan da, ezarri dituzten baldintzak bete ezean. Esaterako, txosnen ordutegia errespetatzea, alegia, goizeko ordu batean ixtea. Baina, horrez gain, iaz jaso genuen diru-laguntza erreklamatu digute, txosnek eta tabernek agindutakoa baino beranduago itxi zutela argudiatuta. Abokatuekin harremanetan jarri gara hori zilegi den ala ez egiaztatzeko.
Diru hori jaso ezean, zer?
Diru hori jaso gabe ere festek aurrera egingo dute, ez dira bertan behera geratuko. Egiatarrontzat festa kutunak dira hauek, orain 30 urte egiatarron parte hartzetik sortutakoak. Beraz, oztopoak oztopo Porrontxo jaiak ospatu egingo ditugu, Udalaren laguntzarekin edo gabe.
Aurrekontuaren ingurukoa ez da, ordea, aldaketa bakarra izan, haurren egitarauari ere debekuak ezarri baitizkiote.
Haurrekin gertatu dena ere oso mingarria da. Udalak iaz puzgarri gehiegi erabili zirela jarri du aitzakia. Gladys Enea parkea zen umeentzako gune garrantzitsuena ekitaldiei begira. Bertan joko ugari egiten genuen. Aurten, ordea, debekatu egin digute leku publiko eta ireki horren erabilera. Udalak eman duen argudioa: behar baino puzgarri gehiago sartu genuela bertan.
Leku ireki hori erabiltzeko baimenik ez duzuela, zer eskainiko diezue haurrei?
Parkea ezin dugu erabili, baina, hala ere, ekitaldiek aurrera egingo dute, haurrak ez dira festarik gabe geratuko, hori ere oso argi dugu Porrontxozaleok.
Donostia Kulturak antolatutako ekimenak ere bertan behera geratu dira.
Elorzaren Udalak aurrekontuak murriztuko dituela jakinarazi du, eta, hain justu, Donostia Kulturaren babespean Porrontxo jaietarako hitzartuta zeuden kultur ekitaldiak ezabatu ditu. Murrizketa guztiak «kasualitatez» porrontxoei ezarri dizkiete.
Hau al da porrontxoen alde egiteko indarrak batzeko unea?
Horrelako egoeretan guztion elkarlana ezinbestekoa da. Bat egin behar dugu guztiok jai herrikoi, parte hartzaile eta parekideen alde, horrelakoak baitira Egiako Porrontxoak. Urtetik urtera debekuak indartzen joan dira, festa hauek ez baitira Udalaren gustuko, baina aurtengoa gehiegizkoa da. 30 urte dira Porrontxo jaiak jaio zirela, eta beste hainbeste urtetan jarrai dezaten lan egingo dugu. Gora Egia!
«Iaz txosnen ordutegia ez errespetatzearen aitzakiaz, haurrak ere jairik gabe utzi ditu Udalak»
«Udalak tabernen ordutegiak bere mesedetan erabili, eta festa motaren arabera jokabidea aldatzen du»