GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Andoni TOLOSA I «Morau» Musikaria

Musikaria al da zure seme/alaba?

 

Inoiz seme/alabaren bat baduzu saia zaitez probetxuzko bidea aukera dezan bizitzan. Izan dadila abokatua, adibidez, haien premia gorria dugu Euskal Herrian eta ez dut uste joera hori aldatuko denik etorkizun hurbilean. Izan dadila ingeniaria, lortuko du lana makroazpiegituraren batean. Egin ezazu munduko guraso guztiek bezala, ahal bezain bizimodu zoriontsuena emango dion prestakuntza izateko aukera eman. Ikas dezala, mundua ezagutu, baita horretarako zorren bat edo beste bizkarreratu behar baduzu ere. Izan dadila espekulatzailea. Bilakatu dadila zure seme/ alaba inbidia eragiten duen gizartearen kide produktibo eta desiratua. Izan dadila arma salerosle, adibidez.

Baina ez da hau mundu erraza, badakizu, aurrera egiteko elkar jaten ohitutako marrazoz betetako ring erraldoia bazik. Horregatik, oihan basati honetako tranparen batean ez erortzeko, funtsezkoa da pauso zuzenak ematea. Irrist egin gabe eta zelatan ditugun arrisku larri guztiei muzin eginez. Ez baduzu guztia hankaz gora jartzerik nahi. Ez baduzu atzerabiderik gabeko tunel luzean sartu nahi, kontu handia izan behar duzu eta galdera sinple hau erantzun; musikazalea al da zure seme/alaba?

Nola jakin hori? Hemen duzu zure seme/alaba musika zaletasunaren atzaparretan dabilen jakiteko laguntza txikia: lehenik eta behin, hunkitu egiten al du musikak? Begiak itxi eta lerdo aurpegia jartzen al du gustuko kanturen bat entzuten duenean, adibidez irratian? Batzuetan negar malkoetan hasteraino? Uste dut baduzula lana! Baina ez du zertan egoera larria izan. Arraro janzten hasi da, beno, diferente? Musika taldeen izenak idazten ditu leku guztietan? Uste dut bigarren fasean sartua dela jada, argi ez bazabiltza, ezingo duzu berreskuratu. Paga, arropa, parranda eta drogetan gastatu beharrean, diskoak erosten xahutzen al du? Musikazalea eta gainera tontoa; argi, hirugarren fasean dago jada.

Ez oparitu, inola ere, inongo egoeretan ere, musika egitearekin zerikusirik duen inongo tresnarik. Belauniko eta arkume bisajearekin eskatuko dizu. Data seinalatuak aukeratuko ditu, bihozberago zaudenean, baina zeuk eutsi. Gitarra da guztietan arriskutsuena... badakizu. Hori eginez gero, laugarren fasean sartu eta galdu egingo duzu, betiko. Talde bat osatuko du, denbora musika egiten emango du, kontzertuetara joango da bera bezain berezi janzten diren lagun berriekin... lehen emanaldia emango du eta.... akabo. Kamioi gidaria izango da (edo GARAn idatzi) epailea behar zuena.

Horregatik, egin dezala beste guztiek egiten dutena, entzun dezala beste guztiek entzuten dutena, musika ez dadila izan txortan egiteko soinu banda baino askoz ere gehiago, gaztetasunaren beste ajeetako bat. Horrek zoriontsuago egingo du aurrerantzean. Eskertuko dizu lehen omenaldi publikoa egiten diotenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo