GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Iker Goenaga soinu txikia lepoan hartu eta kalera atera da, «...arteraino»

A. B. |

Iker Goenagak (Zizurkil, 1974) «...arteraino» lan berria aurkeztu zuen atzo. Trikitilariak aspaldi ekin zion soinu txikia astintzeari, Larraitz arrebarekin batera lehenengo, eta bakarka ondoren. Ibilbide horren emaitza dira Maixa eta Itziarrekin partekatu zuten lehen diskoa, 1993koa, eta gerora bakarlanean eman dituen «Soinugorri» (1998), «Txikitxuterik» (2003) eta «Amorrua» (2006) ere. Gainera, lan propioez gain, beste artista batzuekin ere elkarlanean buru-belarri jardundakoa dugu, Tapia eta Leturia, Mikel Laboa, Mikel Errazkin, Anje Duhalde, Erramun Martikorena edo Oskorrirekin, kasu.

Honakoan, bere bakarkako laugarren lana emateko, bere kabuz lanak egin eta Ez Dakienak Baleki diskoetxe berria ere sortu dute, lan guztiak bere gain hartuta.

Talde-lana

Bakarkako diskoaz ari garen arren, talde-lana du gogoko zizurkildarrak, eta taldean garatu du diskoa, grabaketan zein zuzenekoetan lagun dituen Iban Gurrutxaga eta Beñat Barandiaran (gitarretan), Mikel Atxega (baxuan) eta Iñigo Egiarekin (bateria) batera.

Aipatutakoez gain, makina bat musikari ere gonbidatu ditu, tartean Aritz Lonbide (tronpeta) eta Iñaki Alberro (txeloa) eta beste asko, batez ere ahotsak jar zitzaten: Gartxot Unsain, Alaitz Telletxea eta Mikel Markez.

Lanak 13 kantu biltzen ditu eta Goenagarenak berarenak ez ezik, Gartxot Unsain, Joseba Sarrionandia eta Koldo Izagirreren letra bana dute. Iazko abendua eta aurtengo urtarrila bitarte Hernaniko Oh Brother Studioan prestatua, Iñigo Egiarena izan da Goenagak berak (taldekideen aholkuez) ekoiztutako lana grabatu, nahastu eta masterizatzearen ardura nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo