VUELTA 2009 18ª etapa
Min-bizia
Kaixo irakurle! Hemen natorkizue, berriz ere, neure zutabetxoan kontu batzuk kontatzera. Nire azken-aurrena izango da itzuli honetan, eta lasterketaz gain, beste gai bat ere ikutu nahiko nuke. Lasterketari dagokionez, gaur ere euria eta arriskua izan dugu. Lasterketaren azken txanpan gaude, eta zaila bada ere, sailkapenaren lehen postua lortzea izango da gure helburua. Eta hilabete honetako ohiturei helduz, lasterketa kontuak, ondoko kronikarako utzi, eta, aurretik esan bezala, beste zerbaiti buruz jardun nahi dut.
Onartu beharra daukat azken eguneko zutabea ia prest dudala, eta hau da nire azken aukera kontatu nahi dudana argitaratzeko.
Goazen harira. Batek baino gehiagok jakingo du, orain 7 urte, barrabiletako minbizia izan nuela. Neuk ere, beste batzuek bezala, minbizia hitza heriotzarekin lotzen nuen baina, zorionez, nire alboan zegoen familia eta jendeak horri buruzko iritzia aldarazi zidaten. GARAk eman didan aukera hau baliatu nahiko nuke, ni bezala, gaixotasun hau jasan duen edota familiako kideren bat prozesu honetan murgildurik duen jendeari nire babesa eta laguntza eskaintzeko. Jende horri esan nahi diot, izugarri onak diren sendagile eta ospitaleak ditugula Euskal Herrian, eta gaixotasun hau sendatu eta gero, bizitzen jarraitzeko grina areagotu egiten dela.
Minbiziak, nire bizitza aldatu du, baina kontraesana badirudi ere, onerako izanda. Behin hau gaindituta, askoz ere gehiago baloratzen dut oraina, gauza txikiak eta momentu gozoak ehuneko ehunean bizitzen saiatzen naiz. Baina niri ikaragarri lagundu zidaten bezala, orain neu ere beste batzuei laguntzen saiatuko naiz.
Zubeldia anaiekin batera, Aspanovas Gipuzkoa erakundearekin lanean dihardut, urte bukaeran umeekin jai bat egiteko. Eta zer da Aspanovas Gipuzkoa?, galdetuko duzue. Ba, Gipuzkoan minbizia izan duten haurren gurasoek sortutako elkartea. Bertan, egoera horretan dauden familiei laguntza psikologikoa eta orientazioa ematen zaie. Horregatik, zehaztu gabe dagoen arren, azaroa aldera, haurrekin bizikleta martxa, pailazo jaialdi bat eta beste gauza batzuk egiteko asmoa dugu. Horren xede bakarra, erakundearentzat diru pixka bat lortu, eta haur eta familia horientzako sentsibilizazio apur bat lortzea. Beraz, jai egun horren data plazaratzen dugunean, zuek bertan ikustea espero dut. Anima zaitezte!
Eta bukatzeko, berriz ere, «kimio», «radio» edota ebakuntza faseetan dagoen jendeari zuzenduko natzaio. Badakit orain dena beltz ikusten duzula, badakit, norbera ongi dagoenean, besteari «animo» esatea erraza dela, eta nork bere baitan daramala prozesioa. Baina kasu egidazu, orain min fisiko eta psikologiko ikaragarria jasaten ari zaren arren, behin gainditu eta gero, izugarrizko bizitzeko gogoa emango dizu. Horregatik da «min bizia», mina ematen duen prozesutik pasa eta gero, bizitza gehiago baloratzen laguntzen duen gaitza.
Edozertarako, edonori laguntzeko prest nagoela esatea besterik ez zait geratzen, eta horrez gain, nire gaitz hau gainditzen lagundu zidan jende guztiari eskerrak ematea baino ez! Hurren arte.