GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jose Maria Muñoa Eusko Ikaskuntzako lehendakaria

Kultura eta udal bizitza

Eusko Ikaskuntza bezalako erakunde batek sendotu egin behar du herritarrengandik hurbilen dauden esparruetan kulturarekin duen konpromisoa

Euskal geografian barrena egiten diren jarduera kultural gehientsuenak udalerrien ahaleginari esker ateratzen dira aurrera. Oro har, isilagoa da haien lana, barnekoiagoa, baina ez, inondik ere, gobernuek edo aldundiek egiten dutena baino hutsalagoa. Horregatik, zilegi da beren neurrian balioztatzea.

Egungo egoera ekonomikoa dela-eta, zenbait sailetako aurrekontuak murriztu beharrean dira udalak. Han-hemenka aurreikusitakoaren arabera, krisiak gehien kaltetuko duen arloetako bat kultura izango da. Hala gertatuz gero, gure bizitza kulturala pobretu egingo da, asko pobretu ere, eta horrek eragin kaltegarria izango du gure gizarte bizitzaren kalitatean eta, ondorioz, gure arteko bizikidetzan. Ikuspegi horren aurrean, gure kezka azaldu behar dugu.

Kultura ez da ez luxua, ez apaindura, ezta denbora-pasa kualifikatua ere. Hori baino askoz ere gehiago da: elementu trebatzailea da, ardatza, norberaren eta taldearen sormenaren pizgarri, nortasunaren adierazle. Banakoaren ezaugarriak unibertsoan txertatzen dituen gunea. Eta gugandik hurbileneko mailan du kulturak zentzu zabalena; tokian tokiko mailan, alegia.

Hona zer zioen 1919ko irailaren 17tik 21era -orain dela 90 urte, beraz- Donostian egin zen Euskal Udal Administrazioaren Batzarreko ondorioetako batek: «Euskal udalerriek gero eta interes handiagoz eta lehentasunez bultzatuko dituzte balio kulturalak». Historian lehen aldiz, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hainbat arlotako ordezkariak bildu ziren Eusko Ikaskuntzak deituta: udalak, aldundiak, elkargo profesionalak, jabetza ganberak, elkarteak, unibertsitateak, parlamentariak, profesionalak, funtzionarioak, politikariak eta abar; guztira 600 lagun inguru. Honako helburu honekin: «Gure herriko udal arazoen azterketa sustatzea eta bultzatzea, premiazkoenak zein diren zehazteko eta horiei irtenbide egokia bilatzeko, eta, batez ere, kargu publikoa duten pertsonak (alkateak, zinegotziak, idazkariak eta beste funtzionario batzuk) ikerketa horietara bideratzeko eta hobera egiteko; izan ere, herritar guztien onerako diren interesak zuzenean kudeatzea baitagokie».

Saioen amaieran argitaratutako adierazpenak udal integrazioa, udal ogasunen autonomia, funtzionarioak hautatzeko askatasuna eta edozein mailatako irakaskuntzaren kudeaketa aldarrikatzen zituen, besteak beste. Horrez gain, eta arestian adierazi bezala, «kulturaren balioak» sustatzeko deia egiten zien udal erakundeei, herritarren «heziketa estetikoaren, intelektualaren eta morala»ren bidez.

Gertaera historiko batek argi utzi zuen tokian tokikoa kulturarekin lotzeko borondate hura benetakoa zela: lanean bost egun eman ondoren, irailaren 21ean amaitu zen Euskal Udal Administrazioaren Batzarra, igande goizez, eta arratsalde hartan bertan bilera egin zuten Eusko Ikaskuntzaren Donostiako egoitzan, Euskaltzaindia izango zena sortzeko.

Ekitaldi hartatik 75 urte bete zirenean, eta udal erakundeek arazo larriak zituztela konturatuta, Eusko Ikaskuntzak jardunaldi garrantzitsuak antolatu zituen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin batera, Euskadiko hiriburuetako alkateak, administrazioko adituak, teknikariak eta arduradunak elkartu zituena. Ia aldi berean sinatu zituzten tokian tokiko jarduera kultural eta zientifikoak bultzatzeko lehen lankidetza hitzarmenak; zehazki, 1994an. Hamabost urte igaro dira ordutik, eta egun jada ehun dira Eusko Ikaskuntzarekin hitzarmena sinatu duten udalak. Horien harian, 500 ekintza baino gehiago antolatu ditugu ikerketa, trebakuntza eta zabalkunde alorretan.

Zinegotzi eta teknikariek eskaintza kultural eraginkor eta progresiboa eskaintzeko izango dituzten zailtasunak aintzat hartuta, Eusko Ikaskuntza bezalako erakunde batek sendotu egin behar du herritarrengandik hurbilen dauden esparruetan kulturarekin duen konpromisoa. Arlo moralean hartuta dauka konpromiso hori, baina baita alderdi materialean ere. Eusko Ikaskuntzak bere giza indar eta indar tekniko guztia jartzen du udalen eskura, bere bikaintasun eta esperientzia emaria, bere tresneria eta Interneten duen kokagune aurreratua.

Azken batean, denon egitekoa baita kultura zokoratua gelditzea ekiditea, ez dadin krisiaren ondoriorik lazgarrienak pairatuko dituen arloa izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo