GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Rikardo Arregi 2009/9/16

Psikologoak

DEIA

Telebistaz ikusi nuen Logroñoko industrialde batean gertatu zen istripuari buruzko berri txarra: motorrak, autoak, lasterketa ezlegalak, 18 urteko gazte bat hilda, hainbeste zauritu. Anbulantziak joan ziren, poliziak eta, esatariak nabarmendu zuen, psikologoak, bertan, industrialdean esan nahi dut, lasterketak ikusteko bildu ziren senitarteko eta lagunak hondaturik baitzeuden, lur jota. Egoera dramatikoa gainditu ahal izateko, bukatu zuen esatariak.

Lagun batzuekin ari nintzen telebista ikusten eta (...) gaur egun psikologoak edonora bidaltzeko dagoen ohituraz mintzagai bihurtu zen. Beste batek agian psikologoak lasterketak hasi baino lehenago bidali behar zirela zioen. Eta hirugarren batek zirkuituak egiteko premiaz, (premia larriaz, baina benetan larria, aizu) hitz egin zigun: zirkuitu osoak, ondo hornituak, anbulantziekin eta guzti (ez zuen psikologorik aipatu).

Hamazazpi urte nuela esan nien gurasoei Psikologia ikasi nahi nuela. Ideia ez zitzaien asko gustatu baina onartu zuten. Garai hartan jendeak ez zuen psikologorik behar; apaiz katolikoak baziren, baita tabernariak ere, eta une haietan, Franco hil berritan, hasieran zeuden mugimendu politikoek jende askoren bizitzak konpontzen zituzten edo. Gaur egun erlijioarekin eta politikarekin desilusionaturik psikologoenera joaten da jendea penak kontatzera (gaur egungo tabernariekin ezin karrerarik egin, oztaozta kafe bat eskatu eta kito). Ez daitezela psikologoek nirekin haserre mesedez, azken finean zuetako bat naiz. Ziur aski huskeria ordainduko diete egoera dramatiko horietara bidaltzen dutenei. Baina badirudi jende asko ez dela gai egun hauetan bere bizitza bizitzeko, bere bizitza kudeatzeko, eta bizitza esaten dudanean arrakasta eta porrota esan nahi dut, harremanak eta bakardadea, gaixotasuna eta heriotza. Agian lehenago ere ez. Tira. Nire psikologoari galdetuko diot.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo