GARA > Idatzia > Kultura

ZINEMALDIA

Arte eta sukalde lanez aseta utzi du Donostiak Brad Pitt

 Zinemaldiko jendetza zurrunbilo batean bildu ostean, atseden hartzeko plana ere aurkitu zuen Brad Pittek Donostian. Herenegun euritsuan Arzaken izan zen, bapo afaltzeko, eta atzo, Chillida-Lekun, donostiar eskultorearen arkitektura lanak hobeto ezagutzeko.

p050_f05_093x125.jpg


Anartz BILBAO | DONOSTIA

Haizete bortitz baten gisara, bat-batean agertu, bazterrak inguratu eta joana da dagoeneko Brad Pitt izarra. Herenegun euritan blai ziren ehunka (akaso milaka) sinpatiko sinpatiko zaleak bost minutuz gozotu ostean, Arzakera jo zuen estatubatuarrak, bertako gutiziak dastatzeko asmoz. Horixe baita, jaialdiko arduradunek esan digutenez, Donostiako Zinemaldian egin beharrekoa: «pelikulak ikusi eta... mahaian eserita jan!».

Herenegun beraz, gaueko hamarrak bueltan Maria Cristina hoteletik Victoria Eugenia antzokira ehunka oihu eta zale zororen artetik igaro eta behin azken pelikula aurkeztuta, euripean autoan sartu, eta Ategorrietako aldapa igo zuen, Arzak familiaren sukaldearen berotasuna dastatzeko.

Elena Arzakek atzo adierazi zuenez, «Quentin Tarantino eta biak etorri ziren, hamabi laguneko mahaikada afaltzera». Zuzendaria, gainera, orain hamabost urte ere etxe berean egona zen. «Elkarren ondoan afaldu zuten oso giro atseginean, naturaltasun handia erakutsiz». Juan Mariren alabak «aita eta lan talde osoa oso gustura gelditu ginen» esanez jarraitu zuen, «oso modu irekian, aholkuak onartu eta janariari buruzko galderak eginez interesa agertu baitzuten zuzendari eta antzezleak».

Ez da gutxiagorako, eskaini zieten afari puska usainduta. Hasteko, «pikuak, foie olioz eta arrautza dardaraz»; gero «itsas zapo belztua eta usakumea draia gozoekin». Amaitzeko, «txokolatea eta kolorezko kristalak zein jogurt bixkotx arola». Eta zintzurra bustitzeko, etxeak aholkatutako ardoak.

Hollywoodeko jatunak

«Bistan zen jatea gustuko duen jendea dela», azaldu digu Elena Arzakek, eta bukaeran, etxekoen harridura eta pozerako, «inoiz jan duen afari bapoenetarikoa izan zela» esan zien Brad Pitt izarrak.

Gainera, bertan izango zirela susmatuta edo, kanpoan zaleren batzuk ere baziren, ostatutik atera eta Hollywoodeko dirdirak gaua noiz argitu zain.

Hogeita lau orduren buruan, atzo Gipuzkoatik alde egin aurretik Chillida-Lekura ere jo zuen goizean, Eduardo Chillidaren lana hurbiletik ezagutzeko. Jakina da zinema izarrak arkitekturarekiko duen zaletasuna. Frank Ghery arkitekto ospetsua laguna omen du, eta bere lantaldean proiekturen bat landutakoa da Pitt -Bilboko Guggenheimen eta Marques del Riscalen eraikinean ere izandakoa da-, eta orain gutxi Avilesen izan zen, Asturiasen, bertan garatzen ari diren arkitektura lan berritzaileak ezagutzeko eta babesteko asmoz. Atzokoan ere, Eduardo Chillidak bereziki alor honetan egindako lanarenganako interesa agertu zuen -Gijonen den «Elogio del horizonte» edo Tindayako egitasmoa, esaterako-, aurretik liburuen bitartez ezagutzen omen zuena.

Hernanira jo aurretik gainera, Haizearen Orrazian ere izan zen bisitaldi labur eta bizkor batean Kontxako badiaren bazter batean dagoen eskultura ezagutzeko.

Behin Chillida-Lekura helduta, eta euria barra-barra zela, museoko lorategietan zehar ibilbidea egin zuen Pittek, eta neurri handiko eskulturak ikusi ostean Zabalaga baserri barrura sartu zen, bertako artelan txikiak eta obra grafikoa ikustearren. Alde egin aurretik gainera, Chillida-Lekuko liburutegiko bisita liburua ere sinatu ei du.

Bisitaldian Eduardo Chillidaren seme Ignacio izan zuen gidari -aktoreak bere aitaren obran benetako interesa agertu duela esan zuen-, eta Hondarribiko aireporturantz abiatu baino lehen alargun Pilar Belzunce eta familia osoarekin argazkia egin zuen, eskultorearen iloben pozerako. Chillidatarrek bisitagatik esker ona agertu eta hiru liburu oparitu zizkioten, museoa eta bertako obrak hobeto uler ditzan.

Bi aldiz hegaldia atzeratu ostean, alde egin zuen gero, hogeita lau ordu eskasetan Donostian marka makala utzita: eguerdian heldu -eta hiria gauerdira arte zoratu-, Tarantinoren gidaritzapean antzeztutako «Inglorious Basterds» Zabaltegi sailean aurkeztu, zaleak goitik beheraino bustiarazi eta euritan dantzan egin ostean Arzaken afaldu; biharamunean Chillida-Leku bisitatu eta agur!

Niza omen du orain helburu. Angelina Jolie bertan izango du zain, akaso.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo