GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Joxean Ostolaza Xede berria

Ibilian-ibilian, Euskal Herriko 4 puntu kardinalak lotzen

Abuztuaren 3tik 13ra, Joxean Ostolazak Euskal Herriari itzulia eman zion. Markinan hasi eta Lanestosa, Cortes, Izaba eta Baiona lotzea erdietsi zuen. Guztira, 815 kilometroko ibilaldia burutu zuen, eta eguneko batez beste 80 kilometro egin zituen.

p046_f01_4448.jpg

Andoni ARABAOLAZA |DONOSTIA

Ibilitari fina eta sortzailea. Horrela aurkeztu dezakegu Joxean Ostolaza. Baina hau esanda, hankamotz geratuko gara; izan ere, azken urteotan ondoan izaten duen Oskar Aldazabal kideak ere ezaugarri berak ditu. Biak ala biak ibilaldi luzeetan sormenaren sarean ikusten ditugu. Duela 3 urte, adibidez, Euskal Herriko 7 hiriburuak lotu zituzten. Bigarren xedea, berriz, Euskal Herriko ur isurien banalerroa izan zuten; hori bai, lurralde bakoitzeko mendi garaienak igoz. Eta hirugarrena: Euskal Herriko 4 puntu kardinalak. Irakurlea jabetuko denez, proiektu guztiak Euskal Herrian egin dituzte. Iparretik hegora, mendebaldetik ekialdera... ia txoko guztiak bisitatu dituzte.

Azken xede hau, ordea, Ostolazak bakarrik egin du; haatik, Aldazabal ibilbidearen hainbat zatitan alboan izan du. Ibilaldi luze hau, berez, iaz egin behar zuten, baina datu guztiak GPS-an sartzeko denbora behar izan zuten. Joan den abuztuaren 3an, berriz, Ostolazak 815 kilometroko ibilbideari ekin zion Markinatik bertatik. Helburua argia zen: Euskal Herriko 4 puntu kardinalak lotzea. Hots, Lanestosa, Cortes, Izaba eta Baiona. Amaiera berriro Markina zen.

Aldazabalek 10 egun jarraian hartzeko aukerarik ez zuenez, Ostolaza izan zen xede honen benetako protagonista. 11 eguneko ibilaldia izan zen; abuztuaren 13an bukatu zuena. Egunean, batez beste, 80 kilometro «jan» behar izan zituen. Jakina, ordu txikietan hasi eta 16 orduko ibilaldia egin eta gero, iluntze aldearekin debarrak atseden hartzen zuen.

Ibilbide osoa berak egin du, baina laguntza ederra izan du, besteak beste, haren emaztearena: «Ondoan izan dut nire urratsak autoan jarraitzen. Zati batzuk oinez egin ditu. Eta, hori guztia gutxi izango balitz, bazkaria egin eta ekartzen zidan».

Une gozoak eta une gogorrak

Aurreko proiektuetan ez bezala, ibilbide guztia errepideetan barna egin du. Eta, jakina, asfaltoak ondo astindu zituen Ostolazaren oinak. Alabaina, une gogorrena Logroño parean igaro zuen: «Infernua izan zen. Asko sufritu nuen eta ez nekien biharamunean jarraitzeko gai izango nintzenik. Adibidez, Bardeari beldur handia nion, baina, ezustean-edo, ez nuen han gaizki pasa. Bederen, udako ekaitzek freskatu ninduten».

Sufrikarioak alde batera utzita, Ostolazak, jakina, une gozoak ere bizi izan zituen: «Meaga gainean lagunekin izan nintzen; sagardoaren ondoan tertuliarako beta izan nuen. Gauza bera Mendaron bizi izan nuen. Eta Oskar ere ezin dut ahaztu; izan ere, zati batzuetan nirekin izan zen».

Xede honen inguruan hausnarketa egiteko garaian, Debako ibiltariak argi dauka burugogorra behar dela izan: «Hasi eta buruan jarraitzea eta jarraitzea duzu beti. Atseden hartu bai, baina gero jarraitu behar duzu. Hor dago gakoa. Gainera, batez bestekoa mantendu behar da, eta horrek presioa jartzen dizu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo