Eskalada Hormatzarrak
Kanadako pareta handiak euskal eskalatzaileen topaleku
Iñaki Arenaza eta Ibon Santos bergararrak Bugaboos-en izan dira, besteak beste, «Beckey-Chouninard» bidea (1.000 m, 6b) eskalatzen. Asier «Txitxene» urdaibaitarrak, inguru haietan izateaz gain, Ipar Amerikako hainbat marra klasiko igo ditu.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Kanadako Bugaboos alderdian dauden granitozko pareta alpinoak tokitan direla esaten da, eta, horren ondorioz, haiei buruz ezer gutxi dakigu. Himalaia zein Karakorumeko mendilerroak, bai eta Patagoniako erpinak ere tokitan dira, baina haiei buruz askoz ere informazio gehiago dugu. Beraz, tokitan egotearena batzuetan «aitzakia» hutsa baizik ez da.
Jakin badakigu, Kanadako ingurumari hartan euskal eskalatzaileak izan direla eta ezer gutxi egiteko aukera izan dutela. Aurten, berriz, Euskal Herriko hiru eskalatzailek topo egin dute Bugaboos-eko «jolas eremuan». Elkarrekin bi bergarar izan dira (Iñaki Arenaza «Ade» eta Ibon Santos «Biejo»); eta estatubatuar batekin, berriz, urdaibaitar bat (Asier «Txitxene»).
Aurreratu dugun bezala, euskal eskalatzaileentzat Bugaboos-etako paretak nahiko ezezagunak dira. Hitz gutxitan esanda, granitozko orratzez osatutako mendi multzoa da. Leku basatia, glaziarrez inguratua, eta hango eguraldia Patagoniakoarekin parekatzen da. Beraz, eguraldia da hormatzar haietan agintzen duena. Arenazak GARAri aurreratu dioenez, uda da garairik onena: «Eskuarki oso txarra egiten du. Patagonian bezala, beti leiho on bat itxaron behar duzu. Aldaketa itzelak izaten dira. Halere, aurten nahiko ondo portatu da, eta eskalatzeko aukera eman du».
Eta halaxe gertatu da. Amaitu den denboraldian, mugimendu handia izan da granitozko hormatzar haietan. Hormatzarrak, bai, horiek dira Bugaboos-eko protagonista nagusiak. 1.300 metroko garaierara heltzen dira, eta harkaitzaren kalitatea ezin hobea da: «Inolako zalantzarik gabe, esan dezakegu eskalada alpinorako alderdi zoragarria dela. Applebee izeneko kanpalekuaren parean orratz arras erakargarriak daude: «Snowpatch Spire», «Bugaboo Spire», «Pigeon Spire», «Howsers Towers»... Azken hauek dira ospe handiena dutenak; Bugaboos-etako bikainenak direla diote. 4 erpin daude, 600 eta 1.300 metro artekoak, eta aldenduen daudenez, eguraldia aldakorragoa izaten da. «Big-wall» estiloko bideak, eskalada libre gogorra egitekoak, marra klasikoak... Guk, adibidez, azken horietako bat aukeratu genuen».
Ipar Amerikako harribitxia
Arenaza eta Santosek Bugaboos-en berri duela hamabi bat urte izan zuten «Extrem» aldizkariari esker: «Pareta haiek ikusi, eta haien sarean erori ginen. Ondoren, Howsers Towers-etan bide eder bat zegoela jakin genuen; Ipar Amerikako eskalada klasiko ederretarikoa: «Beckey-Chouinard». Argazkia ikusi, eta hara joatea erabaki genuen».
Hegazkinetik jaitsi eta gutxira, eguraldiaren berri izan zuten. Ona iragarri zutenez, denbora galdu gabe, Bugaboos-era abiatu ziren: «Janaria erosi eta ziztu bizian joan ginen. Bizpahiru egunetan Applebee izeneko kanpalekuan ginen. Geure helburua South Tower-en zegoen: «Beckey-Chouinard» bidea. Eguraldi ona bai, baina arratsalde partean egunero ekaitza bota zuen».
Bidea bi egunetan igotzen zela zioen liburuak, baina bergararren asmoa egun batean eskalatzea zen, eta ikusi ere posible zela. Horretarako, goizeko lauretan martxan jarri ziren: «1.000 metro luze da, eta 6b arteko zailtasun teknikoak ditu. Gure aldetik, 60 metroko 20 bat luze egin genituen. Bide osoa erabat garbi dago, hots, bilera guztiak zuk zeuk antolatu behar dituzu eta hiltze bat bera ere ez dago. Luze batzuk bustita zeuden, eta artesi batzuetan izotza aurkitu genuen. Bizkar-zaku nahiko hadia eraman behar da, besteak beste, pioleta eta kranpoiekin. Oso bide ederra da, artesi luze-luze bat. Arratsalde partean egin genuen gailurra, eta gaueko hamaiketan lo zakuan geunden».
Eguraldia txarra zetorrela eta janaririk gabe zeudela ikusita, sokada honek Squasmish-era (Bugaboos-etatik 800 km-ra eta Vancouver-etik 60ra) joatea erabaki zuen. Zenbait bide klasiko eta bloke batzuk eskalatu ondoren, Bugaboos-era itzuli ziren, eguraldi ona iragarri baitzen.
Bidaiaren amaieran ziren, eta eskalatzaileok Bugaboo Spire-ko ipar ertz klasikoa eskalatzeko aukera izan zuten: «600 metrokoa da eta zoragarria».
«Txitxene»ren agerraldia
Bugaboos, Aplebbe-ko kanpaleku nagusian gertatutakoa.
-Hey guys, did you climb today? («Txitxene» zen, baina Santos eta Arenazak ez uzten ezagutzen)
-No, today rest day. (Bergararrek)
-Where are you from?
-From the Basque Country.
-A! From Spain.
-No, no, from the Basque Country.
-Yes, yes, Spain.
-No, from the Basque Country.
-Nongoak zarete bada?
Modu bitxi horretan ezagutu zuten elkar euskal eskalatzaileak. «Txitxene» edozein lekutan galtzea gustatzen zaion horietako bat dugu. Galdu bai, baina ez du norabiderik galtzen. Gustuko ditu leku galduak, bisitatzen ditu noizbehinka, eta alderdi haietan aurkitzen omen ditu galtzeko arrazoiak. Boliviako Andeak, Txinako zein Indiako mendi garai ezezagunak... eta oraingoan Bugaboos «ezezaguna».
Urdaibaitarraren Kanadako bidaia, aldiz, beste formulazio batekin hasi zen; bergararrarena baino askoz ere zabalagoa. Lelo bat eraman zuen bizkar-zakuan. Eta zera zioen: «Kanadako klasikoak».
Urtebete lehenago, Indiako iparraldean dagoen Kang-Yaze mendian Matthew eta Tom Wells estatubatuarrak ezagutu zituen; lehena semea eta bestea aita. Oso harreman estua izan zuten, eta planak egiten hasi ziren. 2009a Kanadan izango zen.
Kanadara iritsi bezain laster, «Txitxene» eta haren kideak Rockies-etara abiatu ziren. Ia atsedenik gabe, lehen urratsa «Gran Sentinel» orratzean egin zuten. Eskalada erraza, baina oso harkaitz txarrarekin. Ondoren, Rockies-etan dagoen Icefields izeneko ingurumarira joan ziren. Helburua: Athabasca mendia (3.491 m). «Mendiaren ipar isurian izotzezko zein elurrezko oso pareta erakargarria zegoen. «Hourglass» bidea (III, 85º, R) eskalatu genuen. Errimaiarekin ezustekoa hartu genuen, oso egoera txarrean zegoelako», adierazi digu eskalatzaileak.
Eskalada honen ostean, Matthew eta «Txitxene» bakarrik geratu ziren. British Columb aldera jo zuten, eta Assiniboine (3.620 m) edo Cervino kanadar mendia aukeratu zuten. Ohiko bidea eskalatu zuten; 800 metroko marra. Erraza zen, baina lehen zatia nahiko puskatua zegoen.
Berriro Rockies-etara itzuli ziren, eskaltzaileen asmoa Mt. Temble igotzea baitzen: «Ekialdeko ertza aukeratu genuen, Ipar Amerikako 50 klasikoetatik bat. IV/V graduko zailtasunak zituen; beraz, nahiko erraza. Bidearen zatirik zaileneraino harkaitzaren kalitatea oso-oso eskasa zen. 16 orduko jarduna izan zen, eta katu-oinak ez genituen erabili».
Bugaboos-etara salto, eta honako bideak sinatu zituzten: Crescent Tower-en «Ears between» bidea (AD), Crescent Spire-n «Paddel flake direct» (D), Bugaboo Spire-n ipar-ekiko ertza (D-) eta Snowpatch Spire-n «Snowpatch Route» (D-, 19 luze).
Alderdi hartako ginga bergararrek eginiko bide bera izan zen: «Beckey-Chouinard» bidea. «Goizeko 04.40ean hasi eta gailurrean ia gaueko bederatzietan ginen», esan digu «Txitxenek».
Eta Kanadako bidaiari amaiera emateko, urdaibaitarrak Sir Donald mendia (3.284, D-, 800 m) bakarka igo zuen. Hau ere klasiko bat.
Kanadako alderdi ezezagun honek granitozko erpin luze eta zorrotzak ditu. Bide klasikoak zein big wall estiloko marrak egiteko aukera paregabeak eskaintzen ditu. Hori bai, eguraldiak erabat agintzen du
Santos eta Arenaza eskalatzaileek «Beckey-Chouinad» bidea (1.000m, 6b) eskalatu zuten. Bide guztia garbi dago, eta makina bat artesi eta diedro eskalatu behar dira
Urdaibaitarrak Matthew izeneko estatubatuarrarekin jardun zuen. Kanadako zenbait bide klasiko egiteaz gain, bergararrek Bugaboos-etan igotako bide bera poltsikoratu zuen