Ixabel Etxeberria Irakaslea
Nahikoa... eta sobera !
Estatuaren aitzinean herritarraren babesa gero eta murritzago gelditzen ari da ministroen boterea indartzen ari den bitartean. Horren aitzinean abertzaleok ez dugu erreakzionatzen, sakabanaturik jarraitzen dugu
Ez dut noski Durao Barrosoren ibilbide politikoa jarraitu. Hala ere, Europako pertsonalitate nagusi bat denez, azken urteetan zeharkatu ditudan berrietatik irudi batzuk gelditzen zaizkit, eta, dudarik gabe, Azoreetako argazkian, Irakeko gerra iragartzen zuen biltzar horretan, zegoela oroitzen naiz. Berriz ere, Barroso Europako politikaren buru izendatu dute. Estatu desberdinetako ministroek eramaten omen dute Europako politika; haatik, komisarioak eta Barroso bera garrantzi handiko politikari bihurtu dira hartzen diren erabakietan. Eskuineko politika egin du, horretan jarraituko du eta alderdi sozialisten babesarekin. Horrek konfirmatzen du alderdi sozialisten tokia oholtza politikoan, alegia, ez ezkerrean. Liberalismoaren kritika oso isila gertatzen ari da; ondorioz, Europak eskuinerantz jarraitzen du eta ondorioetan laborantza dugu larriki zauritua den lehena. Barrosok politika erasokor horren ardura handia du, baina ez dute zigortzen, alderantziz. Horrekin ulertzen ahal dugu mobilizazioak, determinazioak eta sektoreen arteko elkartasuna lehen lerroan ezartzen ez bada, Europak ez duela jarrera aldatuko.
Presondegietarako oinarrizko legea debatean dute Parisen, MAMek dio presoek betebeharrak eta eskubideak dituztela. Lehenago eskubideak eta betebeharrak aipatzen ziren lege horren inguruan. Lerrokatze horretan betebeharrak dira lehenak, ulertuko dugu eskubideentzat lekurik ez zaiela gelditzen. Ez du deus onik iragartzen. Profesionalek eskatzen zuten legea eginen dugu, errepresio gehiago ekarriko duena lehen seinaleen araberan, OIPen oharrak lekuko. MAMen ibilbidea ezagutzen dugunok ikusi dugu herritarren eskubideen inguruan duen praktika.
Azken egun hauetan euskal preso politiko bat zauritua izan da ospitalera joatean. Hau ere Justizia ministroaren ardurapean. Jonen kasuan bezala interpretazio pertsonala eginen ote du ministroak? Barne ministro izatetik Justizia ministro izatera, abertzaleei buruz jarrera miserablea izaten jarraituko al du Donibane Lohizuneko hautetsiak? Ministro izateak sen ona edo gutxieneko jendetasuna ezabatzen al du?
Horrez gain, jakin dugu Haurren Defendatzailearen figura desagerrarazi nahi dutela. Figura honek garrantzi handia hartu du 2000. urtetik hona, presoen haurren babesean figura ona eta errekurtsoa baita. Dirudienez, figura honen independentzia ez da denen gustukoa eta desegiteko proposamena egina izan da irailaren hastapenean.
Estatuaren aitzinean herritarraren babesa gero eta murritzago gelditzen ari da ministroen boterea indartzen ari den bitartean. Horren aitzinean abertzaleok ez dugu erreakzionatzen, sakabanaturik jarraitzen dugu eta ondoko hauteskundeen karietara, apustuak irekiak dira eta berdeek lehen eskaintza egin dute Akitaniarako, ABrentzat hautetsia. Aulkiak oso erosoak izaten dira. Emankorrak? Ez da errana. Besteek eskainitako aulkiak ez du geuk lortutakoaren indarra, ez eta izanen ere. Hori finkatzen ez dugun bitartean, denetarik eroriko, nahikoa eta sobera!