San Miguel Liga
Emozioak eta ospakizunek bat egin dute denboraldia agurtzeko
Castrok kostata lortu du 13. garaipena eta Pasai Donibanek emozio gehiegi jarri dio bere igoerari.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Ospakizunak eta emozioa. Horiexek izan ziren aurtengo arraun denboraldia amaitutzat eman zuen El Corte Ingles banderako bi osagai nagusiak. Ospakizuna Castro, Astillero eta Pasai Donibanekoentzat, eta, emozioa, ontzi gipuzkoarra suarekin jolasean ibili zelako estropada guztian. Azkenean, ordea, ez zen ezustekorik izan eta arrosa kolorekoak San Miguel Ligan izango ditugu datorren urtean. Zorionak!
Bazirudien aurreneko jardunaldian igoera lortzeko txartela eskuan zutela Donibanekoek. Hiru puntu eta Meirarekiko 20 segundoko tarteak gaindiezina zirudien. Baina, hara non, ontzi galiziarra askoz hobeto moldatu zen Portugaleteko itsasadarrean eta hamahiru segundoko aldea atera zion traineru gipuzkoarrari. Astean zehar Igor Makazaga entrenatzaileak esandakoa, igoera azken unera arte borrokatu beharko zutela alegia, goitik behera bete zen.
Meira izan zen, hain zuzen ere, erlojuaren aurkako lehian irteera hartzen lehena, eta ondoren irten ziren Astillero, bigarren, eta Pasai Donibane, hirugarren. Erreferentzia guztiak ezagutzea, ordea, ez zen abantaila izan «Erreka»rentzat eta bere denborak nabarmen okerragoak izan ziren hasieratik. Borroka bizian ibili arren, azkenean Astillerok ezarri zuen denbora onena, Meirari bi segundo eskas aterata. Horregatik, Astillerok amaitu du kanporaketa aurreneko postuan bost punturekin, Pasai Donibanek lau bildu ditu eta Meira azkena izan da hirurekin. Astillero eta Pasai Donibane San Miguel Ligan izango dira datorren urtean.
Garaipen marka berria
Eguneko beste protagonista Castro izan zen. Kantabriarrek denboraldiko hamahirugarren garaipena lortuz ospatu zuten taldearen aurreneko liga titulua. Txapelak buruan jantzita eta San Miguel maillot horia soinean, Kontxan jasotako porrota ahazteko aukera izan zuten Juan Mari Etxabek entrenatzen dituen mutilek. Atzoko garaipenarekin, gainera, liga bakarrean lortutako garaipen marka berria ezarri dute, Astillerok 2005ean lortutako hamabi garaipeneko marka hobetuta.
Castroren gupidarik eza jasan behar izan zutenak Hondarribia eta Pedreña izan ziren berriz ere. Gipuzkoarrek, Orion gertatu bezala, azken metrora arte iraun zuten banderaren lehian, baina ezin izan zuten Castro menderatu. Hori bai, Orio atzean utzi zutenez, hirugarren postua beraientzat izango da. Pedreñak, berriz, aise irabazi zuen bere txanda eta hirugarren ziabogan hamabost segundoko abantaila zuen beste faborito guztiekiko. Baina eguraldi aldaketen ondorioz, azken luzean tarte hori ezerezean gelditu zen.