GARA > Idatzia > Kultura

ZINEMALDIA

Ezinezko maitasunen mina dakar Matthias Glasnerrek «This is Love» filmean

p051_f01_088x124.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

«Hau da maitasuna» du izenburu Matthias Glasner alemaniarrak (Hanburgo, 1965) atzo Sail Ofizialean aurkeztu zuen filmak, eta bukaeran baieztapena baino galdera luzatu ez ote zigun zalantzan utzi gintuen ikusleak.

Gai gogorra azaleratzen du Glasnerren pelikulak, eta istorioa ondo lotzen duela iruditu zitzaigun, gehiegikeria eta hutsune batzuk ere badituen arren (orokorrean arrakasta handirik izan ez duelakoan gaude). Batetik, Asiako mafia bati prostituzioan aritzen diren haurrak erosi eta Europan saltzen dituzten bi lagun alemaniarren istorioa, eta hauetariko batek (Chris, -Jens Albinus-) 9 urteko Jenjira vietnamdarrarekin duen harremana; eta, bestetik, gizonak utzi duenez geroztik edanari gogor ematen dion lur jotako emakume polizia baten istorioa; ildo batek bestearekin topo egiten duen arte.

Zuzendariaren esanetan, «ezinezko maitasunak eta hauek sortzen duten minari buruzko filma agertu nahi zuen». Eta horretarako aipatu bi ildoak erabili ditu, horrela «ezagutu ez baina bata bestearengan ikus zitezkeen pertsonaiak sortzeko, antzeko arazo eta minak pairatzen dituztelako».

Jens Albinus danimarkarra da filmeko aktore nagusia. Glasnerrek komiko edo dramatiko bereizten ditu antzezleak eta argi zuen kasu honetan, aktore komiko bat behar zuela pelikula -dramatiko- honetarako.

«The Idiots» (1998) filmean parte hartu zuen antzezleak alemanez badaki, «ez esan zidaten bezain ondo» -esan zuen zuzendariak-.

Gehienon harridurarako, bere pelikula «pederastiaren apologia» ez ote zen galdetu zioten Glasnerri atzoko emanaldiaren osteko prentsaurrekoan. «Ez, eta ez dut ikusten zergatik», erantzun zuen berak serio. «Maiteminduta egon eta ezinezko maitasuna dela jakiteak dakarren mina azaleratzen dut», jarraitu zuen, «berez oso konplexua dena». Gainera, «gai hauek modu arinean hartzeak mindu egiten nau», gaineratu zuen. Pelikulak, beraz, maitasun istorio tristea agertzen du, «betirako irautea nahi dugun arren, maitasuna oso suntsitzailea» izan daitekeelako, Glasnerren esanetan.

Haur antzezleak

Lisa Nguyen haurraren lanari buruz, «erronka handia izan zen guretzat», aipatu zuen Glasnerrek, «ez genuelako nahi landu behar zuen antzezpenak haurrari kalte egitea». Horretarako, «bere burua agertu beharrean, antzezten zekien neskatoa» behar zuten, eta baita aurkitu ere. «Talentu eta sentsibilitate handia du Lisak», nabarmendu zuen Albinusek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo