GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Lapurdiko kirolarien gorakada nabarmena da

p042_f01_19070.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Lapurdi izan da herri kirol munduan gehien hazi dena. Gauzak ongi ari dira egiten herrialde horretan. Lanean gogoz ari dira, eta emaitzak ari dira agertzen. Horren lekuko izan da Zazpi Herrialdeetako Txapelketaren azken edizioa.

Azken lehiaketa horretan laugarren izan ziren. Lehen azken hiru postuetan izaten zen, baina Araba oso atzean utzi du jada, eta Bizkaia oso gertu izan du. Beraz, hirugarren postutik oso gertu izan da Lapurdiko taldea azken txapelketan.

«Lan asko ari gara egiten. Jendea gogoz ari da lanean, lehen baino gogotsuago ari dira, eta hori nabaritzen da. Zazpi herrialdeetako lehiaketan bagenituen hutsune pare bat, eta oso garrantzitsuak gainera. Haiek egon izan balira, uste dut hirugarren postua lortzeko moduan izango ginela, eta agian bigarrena ere ez genuen oso aparte izango», esan du Gabi Etxartek. Ezpeletako Ñapurrak taldeko arduraduna da, eta herri kirol munduan urte asko daraman gizona.

Garbi dauka, gainera, gora egingo dutela. «Begira, zazpi herrialdeetakoa hasi zenean, Ipar Euskal Herrikoak ziren nagusi, baina joko mordo batean, Hegoaldekoak hasiberriak zirelako. Gero, haiek kirol horietara jarri zirenean, aise hartu zuten gaina, hemen baino askoz ere serioago egin dutelako lan», dio Etxartek.

«Orain hemen gazteek gustuko dute, eta kirol askotan oso ongi gabiltza. Lapurdin bigarren mailako txapelketak ere antolatu nahi ditugu. Asko dira txapelketan ateratzen ez direnak onenen aurka lehiatzen ausartzen ez direlako, baina maila berriarekin aukera izango dute, eta hau etorkizunerako oso garrantzitsua izango delakoan nago», gehitu du Gabik.

Herri kirol guztiak egiten dira orain Lapurdin, eta hobekuntza nabarmena da: «Kirol askotan onenen pare daude gure herrialdekoak. Aizkoran daukagu hutsunea, baina kirol honetan ere gazte asko hasi dira. Nafarroaren edo Gipuzkoaren parera heltzeko asko falta zaigu, eta urteak beharko dira, baina hori ere helduko da», dio ezpeletarrak.

Lapurdiko gorakada, ordea, ez da berresten Zuberoan eta Nafarroa Beherean. «Zuberoan ere gauzak ongi egiten ari dira, baina herrialde txikia da. Zazpi herrialdekoan hutsune batzuk izan zituzten, eta hori nabaritu zuten. Hor ere gazte asko ari dira gogoz, eta hobekuntza ikusiko da. Nafarroa Beherean behera egin duela uste dut. Ez dute herri kirolak horren serioski hartzen, eta hori ere nabaritu egiten da», esan du Etxartek.

Herri kirolen alderik ilunena, berriz, Araban ari da nabarmentzen. Ia gazterik ez da hasten, betikoak bakarrik ari dira. Asko urtetan aurrera doaz, eta jende berak kirol ezberdinak egiten ditu eta horren ondorioa ikusi zen herri kirolen olinpiadan, urtez urte behera doala argi eta nabarmen geratzen ari baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo