GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Brasilen inplikazioaren garrantzia

Hondurasko egoera zegoen puntu geldotik atera da Manuel Zelayak astelehenean Teguzigalpara itzuli eta Brasilgo enbaxadan babesa hartu zuenetik. Roberto Michelettiren Gobernuak AEE Amerikako Estatu Erakundeak sustatutako negoziazioei muzin egin ondoren, kolpisten erregimena zilegitzeko hauteskundeak prestatzen ari ziren, baina Zelayaren aldeko mugimenduak argi utzi du egoeraren konponbide demokratikoa Zelaya bere kargura itzultzea baino ezin dela izan. Urrats hori, gainera, ez du Nikaraguak ahalbidetu, ezta Venezuelak ere, Brasilek baizik. Herrialde hori inguru hartako potentzia nagusietakoa eta bere mugimenduak tentuz neurtu ohi dituena izaki, esanguratsua da urrats ausart hori egin izana. Izan ere, de facto-ko gobernuari aukerak murriztu ez ezik, Obama bere jarrera argitzera behartu ere egin dezake, estatu kolpearen ondorengo adierazpenetatik harago. Ez baita aski AEBetako presidenteak estatu kolpea gaitzestea bere Gobernuak jarrera ilunari eusten dion bitartean. Nolanahi ere, ez da gutxietsi behar kolpistek beharbada espero ez zuten faktore bat, Hondurasko herritarren erresistentzia, hain zuzen. Herri ekimenak, atzo Brasilgo enbaxadaren inguruan egin bezala, ia hiru hilabetez errepresioari aurre eginez, kolpisten erregimena nazioartean ez ezik, Hondurasen bertan ere bakartuta dagoela agerian utzi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo