Mariano Luke Eibarko ezker abertzalearen izenean
Ezina ekinez egina
Banketxeen eta patronalaren interesak defendatuz, langileok «krisi»tik aterako gaituztela esaten diguten politikari horiek dira heriotzara kondenatzen gaituztenak
PSEren udal gobernuaren eta berau sostengatzen duten EAJ eta Hamaika Bat alderdien hirigintza politikak beste langile bat erail du, Antonio Maria Fleitas. Zoritxarrez ez da lehena eta seguru asko azkena ere ez. Aurrez obra horretan bertan beste langile batek galdu zuen bizitza, Alfako obretan hainbat enpresa (Amenabar, Recsa, Viana y Rocha) eraikitzen ari diren eraikinetan. Aski ezagunak ditugu Eibarren enpresa eraikitzaileen eta PSEren arteko ezkontza politiko-ekonomikoak. Komenigarritasun harreman hauen ondorioz eibartarron etorkizuna porlanaren eta adreiluaren interes espekulatzaile eta txikitzaileen mesedetan hipotekatu dute. Udaletxeko politikari teknokratek disenaituriko hiriaren garapen eta hedapen eredua kapitalaren beharrei estuki lotua dago. Eraikuntzako enpresa espekulatzaileak edo kontsumismo basatia bultzatzen duten El Corte Ingles gisako azalera handiko guneak, gure artean negozioa egitera gonbidatuak izan dira, nahiz eta negozio horiek langileon izerdi eta odolaz eraikiak izan. Lan erailketa berri hau ez da albistegietako lehen notizia izan, ezta egunkarietako portada bihurtu ere. Azpikontratazioa, esplotazioa, prekarietatea, lan erritmo jasanezinak, segurtasun eza... langileon eguneroko ogi gogorra dira. Bizitza eskubidearen alde agerraldi publikoak egiten dituzten «demokrata» horiek ez dute malkorik isuriko Antonio Maria Fleitasen hil kutxaren aurrean eta ez diote inolako babes instituzionalik emango bere familiari, hipokritak!
Banketxeen eta patronalaren interesak defendatuz, langileok «krisi»tik aterako gaituztela esaten diguten politikari horiek dira heriotzara kondenatzen gaituztenak, euren bulegoen berotasun eta erosotasunetik gure geroa planifikatzen dutenak, sindikatu espainolisten konplizitateaz behin betikotasun krisi eta miseria egoerara bultzatzen gaituztenak. Sindikatu abertzaleek eredu sozio-ekonomiko berri baterantz urratsak emateko neurri zehatzak plazaratu dituzte, borrokarako 10 arrazoi. Patronalak ez digula ezer oparituko badakigu, honela langileok etorkizuna gure eskutan hartu beharrean gaude. Ez dago makila magikorik, lorpenak soilik borrokaren bitartez eskuratuko ditugu, horregatik euskal langileok greba orokorraren bitartez ireki genuen bideari jarraipena emateko garaia da.
Urteak daramatzagu Euskal Herri langile gisa etorkizun burujabea asmatzen, marrazten eta margotzen. Estatuen eta kapitalismoaren zapalkuntzaren aurrean, lege faxistez baliatuz ezker abertzalea desagerrarazi nahi duten honetan, aldaketa politiko eta soziala gauzatzea izan behar da gure erronka nagusia. Bestelako errealitatea eraiki nahian, non Antonio Maria Fleitasen moduan, kanpotik gurera bizitzera eta lanera etorritakoek ez duten bizia galdu beharko, Euskal Herrian aske bizi eta lan egitea posible izango delako. Proiektu askatzaile honek independentzia eta sozialismoa izena du eta berau erditzea guztioi dagokigu. Animo eta aurrera!