«Bizikletaz bidaiatzeak disfrutatzeko gauza gutxi behar dela erakutsi digu»
Hamaika bidaia egin dituzte dagoeneko Bringas eta Lizasok mundu osoko bazterrak ezagutzen; hori bai, bizikletaz betiere. Azkeneko bidaia apiriletik ekainera bitartean egin zuten, Europako hainbat herrialdeetatik barrena. Beraiekin ziren Eki eta Lur seme-alabak ere.
Janire ARRONDO |
«Ipar gazi, hego geza». Hala deitu diote Mikel Bringas eta Rosa Lizasok Europan zehar bizikletaz eginiko bidaiaren nondik norakoak jasotzen dituen ikus-entzunezkoari. Eki eta Lur seme-alabekin batera, bi hilabete pasatxotan, Rhin eta Danubio bezalako ibai gezen ingurutik Europa iparraldeko kostaldeko ur gazietara ibili ziren. Bidaiatzeak etxeko erosotasunak gehiago baloratzen erakusten duela nabarmendu dute.
Noiztik eta nondik datorkizue bizikletaz bidaiatzeko afizioa?
Lehenbiziko bidaia 1996an egin genuen lagun batzuekin batera, Ipar Euskal Herria ezagutuz. Zer edo zer gustukoa denean, errepikatu egiten duzu, eta horixe egin genuen geuk ere. Horrela, Iberiar Penintsulan ohiko hainbat ibilbide egin ondoren, beste kultura eta paisaia batzuk ezagutzen hasi ginen. Esaterako, Kuba, Costa Rica eta Asiako hego-ekialdea ezagutu genituen. Ondoren, Eki jaio zen eta orduan hasi zen guretzat benetako abentura.
Haurrak izatean beste mota bateko bidaiak egiten hasi al zineten?
Euskal Herria zeharkatu genuen eta gida bat ere kaleratu genuen. Iaz Lur jaio zenean, berriro ere laurok batera bidaiatzeko gai ote ginen frogatu beharra geneukan. Orduan, Bringasetik -Mikelen abizena- Lizasorainoko -Rosaren abizena- bidaia egin genuen. Lotu genituen bi puntu horietan zuhaitzak landatu genituen, guk «zoriontasunaren bidea» deitu genion.
Aurten bi hilabetez, bi bizikleta eta bi haur hartu, eta Europa ezagutzera joan zarete. Nola sortu zen bidaia?
Bidaia hau ez zen goizetik gauera sortutako zerbait izan. Negu osoa etxean eman ondoren «goazen hemendik» pentsatu, eta Europan zehar ibiltzea erabaki genuen, gehienbat umeekin ibiltzeko erosoa delako. Europa hegoaldeko ur gezako ibaietatik, iparraldeko kostaldeko ur gazietara zeharkatu genuen kontinentea, eta hortik dator «Ipar gazi, hego geza» izena. Hala ere, umeekin bidaiatzeak zailtasunak dakartza, fisikoki gogorragoa da; gainera, arreta osoa eskaini behar diezu.
Bidaia horretako zer azpimarratuko zenuke?
Deigarriena Europan duten bidegorri sarea egin zaigu. Gu, hainbat herrialderekin alderatuta, oso atzean gaude, hemengo egoera ere hobetzen ari den arren, oraindik asko falta da. Bestalde, alemaniarren izaera da harritu gaituena, oso jende irekia da.
Erraza al da etxera bueltan egunerokotasunera itzultzea?
Egunerokotasun horretan ere disfrutatzen jakitea garrantzitsua da. Guri gustatzen zaiguna aldatzea da. Bidaian gabiltzanean etxeko erraztasunen falta sumatzen dugu, eta hemen gaudenean horiek gehiago baloratzen ditugu. Askotan, hainbeste gauza izanda, arazoak sortzen dira. Bizikletaz bidaiatzen zerbait ikasten bada, horixe da: gauza gutxiagorekin disfrutatzeko aukera ematen dizula.
Orain, zuen bizipenak zabaltzen ari zarete. Zein da helburua?
Guk jendea animatu nahi dugu, gure esperientzia kontatuz. Bizikletaren mundua proba dezan gomendatzen diogu jendeari, hori bai, poliki-poliki has daitezela.
Egunerokotasunean, gero eta garrantzi gehiago ematen zaio bizikletari. Posible al da autoa alde batera uztea?
Dagoen joerari begiratu behar diogu, eta nire ustez goranzkoa da. Gero eta erraztasun eta azpiegitura gehiago ditugu gure inguruan bizikletaz ibiltzeko. Hein horretan, garbi dago herritarrei zerbait eskaintzen zaienean erantzuna ona izaten dela. Nire itxaropena da, urteak pasatuta, egoera gero eta hobea izango dela.
Hala ere, gure hirietan agintzen duena autoa da oraindik. Beharrezkoa da aldaketa. Gizarteak, ordea, oraindik ez du ozenki eskatu aldaketa hori. Gaur egun bizikletaren aurka hitz egitea gaizki ikusita dago, beraz, politikariek ezin dute aurka egin. Hala ere, eta bizikleta diskurtsoetan agertzen den arren, errealitatera ez da eramaten.
«Laurok batera bidaiatzeko gai ginen ikusteko, Bringasetik Lizasorako bidea egin genuen. Egindako bideari, `zoriontasunaren bidea' deitu genion»