GARA > Idatzia > Euskal Herria

ABk azaroan ebatziko du datozen bozei nola ekin

Azaroaren 14an Biltzar Nagusia egin arte, ez da jakinen AB norekin aurkeztuko den martxoko Erregio hauteskundeetara. Baina, bozen hitzorduaz gain, urte politiko berrirako erronka ugari ditu, besteak beste, Estatuko erakundeen erreformak nola eragingo duen Ipar Euskal Herrian.

Arantxa MANTEROLA |

Martxoan egingo diren hauteskundeak izango dira, ABrentzat ere, urte politiko berriko erronka nagusietarikoa. Alta, atzo Baionan egindako agerraldian, Peio Etxeberri-Aintxart eta Andde Sainte-Marie bozeramaileek argi utzi zuten oraindik ez dutela zehaztu nola eta norekin aurkeztuko diren. «Ohi moduan, ABk bere barne-prozesua eramango du eta baseen eta idazkaritzaren txosten politiko ezberdinen eztabaida burutu ostean, azaroaren 14an egingo den Biltzar Nagusiak deliberatuko du Akitaniako eskualdeko bozei nola ekin» argitu zuten.

Eskualdeko hauteskundeak ez dira, haatik, indar abertzaleak mahairatutako lan-ildo bakarra. Testuinguru globalean krisia «elementu nagusia den honetan», Ipar Euskal Herrian ere «ondorio ekonomiko, sozial eta klimatikoak» dituela begi bistakoa dela adierazi zuten. «Globalki eragiteko, tokian jardun» behar dela nabarmenduta, «lurralde antolaketa eta garapen iraunkorra uztartuko dituen politika ekonomiko berria» behar dela esan zuten. Krisitik eratorritako arazo sozialei eta klimatikoei ere helduko die ABk, besteren artean, Oldartu eta Bizi kolektiboen dinamikak babestuz.

Abertzaleen gogoeta

Denen ahotan dagoen erakundeen erreforma izango da, ABrentzat ere, datozen hilabeteetako gai saihestezina. «Oraingoz ezagutzen den eskeman Ipar Euskal Herria ez da kontuan hartua» adierazi zuen Etxeberri-Aintxartek, horrek mugimendu abertzaleak «gogoeta egitea» exijitzen duela gaineratuta. Hein horretan, Batera plataformak abiatutakoa «erabat babesten» dutelarik, martxoko hauteskundeen karietara egin asmo dituen herri-kontsultak bultzatuko ditu ABk.

Beste gai garrantzitsu batzuk ere izango ditu indar abertzaleak bere agendan, hala nola euskararen eremuan, Deiadarren kanpaina eta urriaren 24rako antolatu duen manifestazioa; Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aurkako epaiketa, eta AHTren trazatu berriaren auzia.

Hego Euskal Herriari dagokionean, «egoera oso konplikatua, blokeatua ez esatearren» dagoela adierazi zuen Sainte-Mariek. Alderdien Legea berriro salatu zuen, hortik ondorioztatutako Gasteizko gobernua «genetikoki jitez eraldatutakoa» dela nabarmenduta.

«Indar abertzale eta progresistek eskema zaharkituak» alboratu eta «sinesgarritasuna berreskuratzeko beste indar-harremana sortuko duen alternatiba eraginkorra» bilatu behar dutela gaineratu zuen, eztabaida-guneak sortuz -Maltzagako mahaia, esaterako- eta Eskozia edo Kataluniako ereduei jarraituz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo