Lakuako Gobernuak zorraren muga 1.050 milioi handituko du, «krisiari aurre egiteko»
Ekonomiaren krisiari aurre egiteko, bere zorpetze muga handituko duela iragarri du Lakuako Gobernuak: orain arte, legez 300 milioiko zorra izan zezakeen; orain, berriz, 1.350 milioiko zorra egin ahal izango du.
GARA |
Lakuako Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Carlos Aguirrek atzo adierazi zuen Gobernuak, «gutxi gorabehera», 1.050 milioi euro handituko duela urteko zorpetze muga, eta orain arte ezarritako zorraren muga 300 milioikoa bazen ere, aurrerantzean 1.350 milioikoa izango dela, «krisiaren ondorioei aurre egiteko».
Aurrekontu mailako premiazko neurrien lege-proiektuaren barnean kokatzen da sailburuak atzo aurkeztu zuen neurria, eta datozen asteetan horren gaineko eztabaida izango da Gasteizko Parlamentuan. Horren guztiaren berri eman zuen Aguirrek Lakuako gobernu-bileraren ostean, Idoia Mendia eledunarekin batera egindako agerraldian. Azaldu zuenez, azken asteetan Patxi Lopezen gobernu-taldeak ekonomia suspertzeko neurri multzo bat prestatu du, eta gaineratu zuen «zerga-bilketaren jaitsierak eta gizarteak dituen oinarrizko beharrak» bultzatu dutela Gobernuak lege berri hau martxan jartzea. Haren helburua, diru sarrerak eta gastuak orekan jartzea izango da.
Ildo honetan, aipatu zuen lege-proiektuak krisiaren kontrako 389,66 milioi euroko neurri multzo berezi bat aurreikusten duela, eta horietatik 214,63 milioi inbertsio gastuetarako izango direla. Bide berean, Aguirrek adierazi zuen martxan jarriko dituzten neurriak, besteren artean, lanpostuak sortzeko, azpiegitura publikoak bultzatzeko, eta jarduera ekonomikoa eta enpresariala pizteko izango direla.
Aldundien zorra
Gobernuak berak har dezakeen zorraren muga bakarrik ez, aipatu legeak ere aurreikusten du Lakuak ematen dituen bermeen zenbatekoaren muga era handitu egingo dela, modu honetan enpresei lagundu ahal izateko. Horiek horrela, bermeen muga berria 200 milioi euroan ezarriko lukete.
Lakuako Ekonomia sailburuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiek duten zorpetzearen gainean ere hitz egin zuen, eta adierazi zuen ez duela «gaizki» ikusten hiru herrialdeetako instituzioek ere dagokien zorpetzearen muga handitzea krisiari aurre egin ahal izateko.
Lakuako eledun eta Herri Administrazioko sailburu Idoia Mendiak atzo iragarri zuen datorren ostiralean sindikatuekin bilduko dela administrazioko enplegatuen soldaten gainean hitz egiteko, eta adierazi zuen datorren urtera begira, soldata horiek «ahal den neurririk handienean» bere horretan uztea proposatuko diela.
Mendiak argitu zuen orain arte ez duela harremanik izan mahai sektorialean parte hartzen duten sindikatuekin, eta ostiralean azalduko duela mahai horretan bere proposamena. Sailburuak adierazi zuen «zerga bilketan jaitsiera handia» izan dutela instituzioek, eta horren ondorioz administrazioak «une zail batean» daudela. Horregatik, baloratu zuen «denek» egin beharko dutela ahalegin berezi bat eta «gerrikoa estutu». Funtzionarioen soldata ahalik eta gutxien igotzea proposatzeaz gain, Mendiak esan zuen ostiraleko bileran beste zenbait gai jorratu nahi dituela sindikatuekin, hala nola enplegatuen lanorduak edo langileen prestakuntza.
Bestalde, Lakuako Gobernuak Industria Saileko egitura berria onartu zuen atzo, eta horren arabera lau goi kargu desagertuko dira, eta orotara, hogei goi kargu izango ditu Sailak. GARA