Analisia | TRAINERU DENBORALDIA AMAITU DA
Castrok eta Kaikuk aukera gutxi utzi dute gainerako taldeentzat
Juan Mari Etxabe edo Joseba Fernandezekin Castron, eta Kortarekin Kaikun, bi talde indartsuenek ez dute aldaketa sakonik izango. San Pedron, Bermeon eta Astilleron aldaketa nabarmenagoak izan litezke.
Asier AIESTARAN
«La Marinera» eta «Bizkaitarra» ontziek erdibanatu dute garaipenen pastela. Badirudi, beraz, aurre-denboraldian horrenbeste aipatu genuen parekotasuna ez dela horrenbestekoa izan aurtengo traineru denboraldian.
Traineru denboraldia amaituta, balantzea egiteko garaia da. Ongi egindakoak txalotzeko eta gaizki egindakoak zuzentzen saiatzeko sasoi egokia. Urtero gertatzen den moduan, ordea, estropadak amaitzearekin batera hasi dira dagoeneko datorren denboraldian izango diren aldaketen inguruko zurrumurruak. Hurrengo lerroetan horiei denei errepaso bat emango diegu, nahiz eta abendu amaiera arte arraun elkarte gehienetan oraindik ere taldea erabat itxi gabe egongo dela jakin.
Castro eta Kaiku, denboraldiko bi traineru indartsuenak. Zenbakiek argi erakusten dute. Kantabriarrek San Miguel Ligan jokatu diren 17 estropadetatik 13 irabazi, eta lehiaketan marka berria ezarri dute, bigarren sailkatuari sailkapen nagusian 37 puntuko aldea aterata. Sestaokoek, berriz, Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako Txapelketak irabazi dituzte eta Kontxan ere onenak izan dira sekulako erakustaldia emanda. Adibide bat baino ez: Kortak bere gustuko tripulazioa jarri duen estropada guztietan garaipena lortu du. Zortzitik zortzi irabazi ditu Kaikuk.
Hain zuzen ere, batari falta izan zaiona lortu du besteak. Azken bi urteetan Kaikura iritsi diren arraunlari berriek ezin izan dute «propio» moduan arraun egin TKE Ligan eta horrek nabarmen jaitsi du bizkaitarren errendimendua lehiaketa horretan, Castrori bidea garbi utziz. Baina arraunlariak halabeharrez hain sarriro aldatu behar izate horrek, beste hitzorduetara fresko iristeko aukera eman dio Kaikuri eta hori argi gelditu zen Kontxako bi jardunaldietan.
Aurtengo emaitzak ikusita, ez da aldaketa handirik espero bi talde horietan datorren urtera begira. Castron Juan Mari Etxabe entrenatzaileak datozen egunotan emango du jakitera bertan jarraituko duen ala ez. Ez jarraitzea erabakiko balu, bere lekua Joseba Fernandezek hartuko luke, aurten arraunlari eta bigarren entrenatzaile aritu den beste sanjoandarrak. Iraultza handirik ez, beraz. Are aldaketa gutxiago espero dira Kaikun. Kortak bere lanarekin segituko du eta pare bat berrikuntza egon daitezkeen arren, taldea oso antzekoa izango da. Hori bai, arraunlari propioen kupoarekin arazoak izaten jarraituko dute oraindik.
Aldaketen zain, baina arrazoi ezberdinengatik. San Pedro eta Urdaibairi buruz ari gara hitz egiten. Pasaitarrek jarraitzaile baikorrenaren ametsak ere txiki utzi dituzte. Castroren nagusitasuna kolokan jarri zuen ontzi bakarra izan zen «Libia» denboraldi hasieran, San Miguel Ligako bi bandera -liderraren maillot horia ere jantzi zuten- eta Gipuzkoako Txapelketa irabazita. Uda luze samarra egin zaien arren, Kontxan hirugarren sailkatu dira, bi oilarren atzetik.
Baina udazken honetan erronka berri bat izango dute moreek. Aitor Balda entrenatzaileak esana du berak ez duela taldean jarraituko eta erabaki horrek kolokan jarri zuen proiektu osoa aurreko urtean -iaz ere gauza bera esan zuen denboraldi amaieran-. Aurten arraunlari eta Baldaren laguntzaile izan den Gabi Larrinaga aipatu dute ordezko gisa, eta Gaizka Garmendia patroiak ere lagundu dezake taldeari behar duen egonkortasuna ematen.
Bermeon ere izango da zalaparta datozen asteetan. Zurrumurruek diotenez, litekeena da Astillero utziko duen Jose Manuel Francisco entrenatzaile galiziarra Urdaibaira etortzea eta berekin arraunlari pare bat ekartzea. Baina aurten Fran Gonzalezekin izandako esperientzia tamalgarriak zalantza handiak sortzen ditu. Urte gogorra izan da bizkaitarrentzat eta erabakiak hartu aurretik gogoeta sakona egin beharko dute.
Dagoenari eustea ere lan zaila bilakatzen ari da. Zarata handirik atera gabe, Orio, Hondarribia, Zarautz, Zumaia eta Pasai Donibane igoberria beren proiektuekin jarraitzen saiatuko dira Gipuzkoa aldean; eta Aizperrok, Orbañanosek, Kike Lopezek, Luxiak eta Makazagak entrenatzaile lanetan segituko dute hasiera batean. Hori bai, bakoitzak argi du bere helburuak zeintzuk diren.
Poza erabatekoa izan ez arren, Oriok eta Hondarribiak lan txukuna egin dute aurtengo denboraldian. Oriotarrek, hutsune asko eta talde oso gaztea izanda, aurpegia eman dute San Miguel Ligan eta bandera bat irabaztea ere lortu dute oso garesti egon arren. Kontxako emaitza kaskarrak, ordea, ez du oso zapore gozoa utzi, ulertzekoa den bezala. Aipatzen denez, Ibon Urbieta beteranoa herrira itzuliko da bere ibilbideari amaiera ipintzeko. Hondarribiak, berriz, bere ohiko erregulartasuna berreskuratu du eta ligan hirugarren izan da. Gertu ibili arren, ordea, ezin izan du trapurik etxera eraman. Taldea indartzea lortuko balu -Mikel Portularrume eta Miguel Angel Millares aipatzen dira-, kontuz ibiltzeko taldea litzateke.
Zarautz eta Zumaiaren denboraldiari ere ezin zaio meriturik kendu, baina nabarmen geratzen ari da ezbehar txikiena ere -lesioak, hasiera txar bat...- garesti ordaintzen dela gorengo mailan. Urte batetik bestera gauzak asko aldatzen ez badira, Pasai Donibanerekin batera, sailkapenean ahalik eta lasaien ibiltzea izango da helburua.
Emakumezkoetan berdintasuna izan da protagonista. Galiziak, Astillerok eta Getaria-Tolosak Kontxan erakutsi zuten moduan, emakumezkoen artean berdintasuna izan da nagusi. Galiziak Euskotren Liga eta Kontxa irabazi dituen arren, gipuzkoarrak haiengandik oso gertu ibili dira beti eta aurrea hartzea ere lortu dute zenbait kasutan, Zarauzko Ikurrina irabazita adibidez. Maila asko igo da eta igotzen jarraitu behar du.