GARA > Idatzia > Kultura

donostiagramak

Denona eta denontzat

Zinemara normaltasunez joateko aukera izatea da once-k eskatzen duena

p049_f01_194x92.jpg

 

Oihane LARRETXEA

Zinemak mugak gainditzen dituela esaten den arren, hori betetzetik urrun dago oraindik  zazpigarren artea. Izan ere, ikusmen edota entzumen urritasuna duten pertsonek ezin dute, beharko lukeen neurrian behintzat, gainontzeko guztiek bezala filmez gozatu.

ONCE erakundea hori aldatzeko lan gogorra egiten ari da, ordea, eta bide zuzenetik doa; saiakeraren lehen fruituak jasotzen ari baita Donostiako Zinemaldian. Javier Garcia erakunde honetako  Gizarte Zerbitzuetako buruak harrotasunez azaltzen du aurten estreinakoz gauzatutako ekimena: «Filmek azpitituluak izateaz gain, esaterako, Zinemaldiaren hasierako eta amaierako festak egokituta egongo dira ezintasunen bat dugun pertsonentzat; aurrerapen izugarria da».

Moldatzeko sistema AUDES izenez ezagutzen da. Offeko ahotsean oinarritutako sistema da, alegia, filmak isiluneak dituenean, ahots batek deskribatzen du une horretan zer ari den gertatzen. «Esaterako pertsonaiak fisikoki nolakoak diren, zein arropa dituzten soinean, zein mugimendu egiten dituzten... filma ondo ulertzeko hauek jakitea ezinbestekoa da», azaltzen du Garciak.

Zinemaldiak proposamena oso ondo hartu zuen, eta datorren urterako denbora gehiagorekin jarriko dira lanean zinema eskuragarri eta berdinzale baten alde, hau baita Garciaren hitzetan gabeziarik handiena. «Itsuok eta gorrek, besteek bezala nahi dugunean zinemara joateko aukera izatea eskatzen dugu. Eskubide bat da kultura kontsumitzeko baldintza parekoetan eskuragarri izatea».

Urratsak txikiak diren arren, ONCEkoek diotenez, urte batzuk atzera begiratuta, egindako aurrerapenak nabarmenak dira. «Gaur egun –azaldu du Garciak– film batzuk badute AUDES sistema barneratuta, eta filma frantsesez ikustea aukeratzen duenak bezala, guk ere hautatu dezakegu geure ‘hizkuntza’».

Beste aurrerapenetako bat offeko ahotsa modu itxian entzun ahal izatea da, lehen deskribapen berezi hauek guztientzat egiten baitziren, alegia, areto guztiak entzuten zuen eta baten batentzat ezerosoa izan zitekeen. «Orain AUDES sistema behar duenak aurikularrak jartzen ditu, albokoari enbarazurik sortu gabe, eta itsuek, nahiz ikusmena dutenek aretoa arazorik gabe partekatu dezakete», azaltzen du Garciak.
Zinemaldiko film azpitituludunez gain, ONCEk Donostiako egoitzan film bat eskainiko du egunero, 19.30ean, ostiralera arte. Zinema denona eta denontzat izan dadin, denongan pentsatuta egin behar baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo