Kultura hedatzen laguntzeko Internet gida sortu du EKEk
500 artistaren fitxak, 15 sorkuntza eta 30 bat areto biltzen ditu Euskal Kultur Erakundeak sorturiko Interneteko tresna berriak. Euskal kulturaren hedapenerako «baliabide iturri» izatea du xede. Profesionalentzat eta konpainia teknikarientzat lan tresna izango da.Ainize BUTRON | BAIONA
Euskal Kultur Erakundeak bere webgunea, www.EKE.org, datuz hornitzea erabaki du. Erakundeari buruzko informazioaz gain, hiru tresna berri txertatu ditu: artisten errepertorioa, sorkuntzen katalogoa eta kultur aretoen gida.
«Euskal Kultur Erakundea betidanik saiatu da euskal kulturaren hedapenerako baliabide iturri izaten», nabarmendu zuen Pantxoa Etxegoin erakundeko zuzendariak. Artisten errepertorioari dagokionez, bostehun eragileren fitxak bildu dituzte. Musikatik hasi eta arte bisualetaraino, zortzi ataletan edo «mundutan» banatu dituzte.
«Alor bakoitza mundu bat bailitzan ikusi behar da. Artistekin batera, kontzertu antolatzaileen datuak ere barneratu ditugu», argitu zuen Aurelie Pousset proiektuaren egileetariko bat. Artistekin kontaktuan jartzeko argibideak, eta, horien lanaren inguruko informazio zabala ematea da errepertorioaren xedea.
Kultur aretoen eranskinean, hogeita zortzi agertoki bildu dituzte. Gehienbat profesionalei zuzendua dago, eta areto bakoitzaren ezaugarriak xeheki azalduak dira bertan.
«Aretoak herrika eta motaka sailkatu dituzte», argitu zuen proiektuan parte hartu duen Franck Suarezek. Eta, azkenik, sorkuntza sailean, gehienbat Euskal Kultur Erakundeak 2007az geroztik lagundu dituen obrak agertzen dira arloka sailkatuta. Dagoeneko sail horretan hamahiru sorkuntza sartuak dira, eta, urtean zehar beste zortzi sartzeko asmoa dute.
«Zortzi ditugu sartzeko oraindik, horiek dira oraindik aurkeztuak izan ez direnak», zehaztu zuen Suarezek berriz.
Lau hilabete eman ditu EKEk lan hori bideratu ahal izateko, eta, bertan agertzen diren artista eta aretoen datu guztiak plazaratzeko eragileen adostasuna jaso dutela nabarmendu zuten. Bestalde, urtero urrian Interneten dauden datuen eguneraketa egingo da.
Ondarearen gida
«Orain arte kaleratu izan ditugu gidak, baina paperean izaki berritzeko eta datuak eransteko zailtasunak ematen zituzten. Tresna berri horrek erraztasun gehiago ematen du», esan zuen Etxegoienek. Atzo aurkeztu zuten tresna berri horren informazioa ondoko hilabeteetan handituz joango dela gaineratu zuten.
Azkenik, urtarriletik goiti ondarearen arloan lanean ari diren aktoreen gida sortzekotan da EKE. Eta aurrerago musikariei buruzko bigarren gida bat zabalduko dutela jakinarazi zuten.