GARA > Idatzia > Kultura

ZINEMALDIA

Vojtech Jasny zinemagile ameslari eta poetikoa, Arkaitz Basterraren begietatik

Arkaitz Basterra zornotzarrak New Yorkeko zinema eskolan ezagutu zuen Vojtech Jasny irakaslea. 1960ko hamarkadan Cannes edo Donostian sariak jasotako zuzendariarekin gutun bidez harremanetan jarri eta berarekin adiskidetasun polita garatu zuen gero, orain «Life & Film (The Labirinthine Biographies of Vojtech Jasny)» dokumentalean aurkeztu duena, «ikuspegi teknikoz baino, begirada gizatiar batez», zinemagile eta gizon maitagarri baten lekukoa emanda.

p042_f01_204x108.jpg

Anartz BILBAO | DONOSTIA

Euskal zinemaren panorama egiten duen Zinemira sailaren barruan, «Life and film (the labyrinthine biographies of Vojtech Jasny)» lana aurkeztu du Arkaitz Basterrak, Jasny zinemagilearen bizitza eta obra gerturatzen dizkigun dokumentu poetikoan.

Arkaitz Basterra 1974an jaiotako zinemagile zornotzarra dugu, eta Vojtech Jasny berriz, 1925ean Moravian jaiotako zuzendari txekiarra. Lehenengoa ikasle eta bigarrena irakasle zela, New Yorkeko zinema eskolan ezagutu zuten elkar, eta gerora adiskidetasun estua egin zuten, eskutitzen bidez garatua.

Maisuak gutuna jaso eta etxera gonbidatu zuela kontatu zigun Basterrak. «Igandeetan joaten nintzaion, eta elkarrekin museoetara joan, filmak ikusi... adiskide egin ginen».

Horregatik, egun ezezagun samarra dugun Jasny ikusleriari aurkeztea erabaki, eta irakaslearengana jo zuen, asmoa azaldu eta baimen eske. Txekoslovakiarrak, «zapaldu rec botoia eta has gaitezen», esan omen zion.

Egun New Yorken irakasle lanetan dabilen zinemagilea 1976ko Zinemaldian parte hartutakoa da. Eta atzo Basterrak azaldu zuenez, «oraindik gogoan du bere filma Victoria Eugenian aurkeztu zela, baita Donostian jan zuen perretxiko-nahaskia ere». Hiru hamarkada geroago, toki berera itzuli da Jasny, eta «Arkaitz da film hau egin zezakeen bakarra, oso harreman intimoa garatu baitugu», esan zigun atzo esker onez.

Dokumentala garatzeko, Jasny zein bere lagunen testigantzak -Milos Forman, Heinrich Bollen seme Rene...- jaso eta New York edo Txekiara jo behar izan du Basterrak, ordu eta laurdeneko emaitza emateko, ingelesez. Ekoizpenaz Sonora Estudios eta Basterra bera arduratu dira, eta musikaz, Arturo Blasco eta Bingen Mendizabal.

Haurtzaroko oroitzapenetatik hasi eta New Yorkeko zinema eskolara iritsi arteko bidea azaltzen du dokumentalak. Tartean, aitaren desagerpena -nazien eskuetan- eta hauek zapuztutako Txekoslovakia «haurtzaroko paradisua», sobietarren garaian bizi izandako arazoak, Alemaniara erbesteratzea, hurbilekoen gaixotasun eta heriotzak... kontatzen dizkigu, betiere maitasun handiz. «Egin genezakeen Jasnyren obrari buruzko lan teknikoa», argitu zuen Basterrak, «baina nahiago izan dugu zinemagilea bizitzak sortu dizkion oztopoak gainditzeko borrokan aurkeztu».

Bukaeran, «gu joango gara, baina gure lekukotasuna ondo eginda utzi ditugun lanetan jasota geldituko da», diotso Jasnyk lagun bati -film hasieran haurtzaroan irakasleari «utzidazu amets egiten» esaten zion modu ameslari berean-, eta «hori dugu hilezkortasuna» erantzuten dio lagunak. Eta atzoko solasaldian ere, «lan honetan nire iragana, oraina eta etorkizuna dago, baina ni desagertzen naizenean dokumentala izango da nire oraina» ihardetsi zigun Jasnyk.

Ume izpiritua du Jasnyk

Zinema ahotan hartuta, «zinema egiteko jolastu beharra dugu, haurrek bezala» botatzen du Jasnyk lanean. Eta berak, bistan denez, mantentzen du sen hori, «ume izpiritua ez duen artista ezin baita artista ona izan».

Emanaldi bukaeran solasaldi atsegina sortu zen ikus-entzule eta zuzendarien artean, eta ikus-entzuleei Jasnyri buruz sakondu eta haren filmak ezagutzeko irrika piztu zien lanak.

Dokumentalak argi erakusten digunez, Basterrak maite du Jasny -bere zinemagile izateaz haratago-, eta modu hunkigarri batean lortzen du ikuslea ere sentipen horren partaide egitea eta zuzendari txekoslovakiarra maitatzera iristea.

Gaur azken emanaldia izango du «Life & Film» dokumentuak, Principe 10 aretoan, 17.00etan.

OZTOPOAK GAINDITU

Basterraren ustez, Vojtech Jasny irakasle eta lagunari buruzko dokumentua bizitzan sortzen diren «oztopoak gainditu eta erabakiak hartzeari» buruzkoa da, baita adiskidetasunaren ingurukoa ere.

83 urte dituen Vojtech Jasny, judu jatorriko zinemagile txekiarra

1925eko azaroaren 25ean Moravian jaioa, zinemagile txekiarra dugu Vojtech Jasny, bereziki 1960ko hamarkadan nabarmendu zena. 1963ko «Cassandra Cat» lanarekin egin zuen gailurra, eta Canneseko jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu. 1976an Donostiako Zinemaldian izan zen, eta Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra erdietsi zuen «The Clown» filmarekin.

Makina bat herrialdetan eta zazpi hizkuntzatan egin izan ditu filmak eta egun, kontatu zigunaren arabera, Tereziako kontzentrazio esparru ankerrari buruzko pelikula prestatzen ari da laurogeita hiru urteko zinemagile ameslaria. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo