Asteburu honetan ekitaldiak izango dira herri ugaritan, Gudari Egunaren karietara
GARA |
1975eko irailaren 27an, ETAko militante Angel Otaegi azpeitiarra eta Jon Paredes Manot, Txiki, zarauztarra, hala nola FRAPeko militanteak ziren Xose Humberto Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez, Franco diktadorearen agindupean fusilatuak izan ziren. Legalitate espainolaren arabera ofizialki hildako azkenak izan ziren bost lagun hauek. Orduz geroztik, urtero-urtero, irailaren 27an, Gudari Eguna ospatu ohi da.
Hasierako eta oinarrizko arrazoia orain dela 34 urte fusilatutako militante horiek oroitzea izan arren, Euskal Herriaren aldeko borrokan bizitza eman duten militanteak gogoan izateko eta gurtzeko eguna izan ohi da Gudari Eguna. Aurten ere, asteburuan zehar makina bat ekitaldi eta ekimen izango dira hainbat herritan. Aurten, gainera, ETA erakunde armatuak mende erdia bete du.
Ahaztuak-en ekimenak
Bestalde, eta 1975eko fusilamenduak oinarri hartuta, Ahaztuak 1936-1977 Frankismoaren Biktimen Elkarteak hainbat ekimen egingo ditu zenbait udalerritan, faxismoaren aurkako borrokalari hauek eta gainerako biktimak omentzeko helburuarekin. Ekitaldiak bihar eta etzi ospatuko dira, Iruñean eta Derion.
Nafarroako ekitaldia, Iruñeko Udaletxe plazan hasiko da 13.00etan, «Egia eta Justizia» lemarekin. Bertan, frankismoaren errepresioak 1936an hil zituen 3.200 herritarrak (Nafarroaren biztanleriaren %1) izango dituzte gogoan. Bizkaian, aldiz, Derioko hilerrian, 18.00etan, frankistek bertan hil zituzten euskal herritarrak oroituko dituzte. Bizkaian frankismoak hildako herritar gehienak Deriora eramaten omen zituzten eta bertako hilerrian hil. Bizkaian, mila herritar inguru hil zituztela uste da. Igandean, berriz, Gasteizen 12.30ean izango da, Santa Isabel hilerriko atzealdean; frankistek herritarrak hil zituzten lekuan.
Azkenik, urtero legez, Zarauzko hilerrian, 13.00etan, Txiki-ren hilobiaren aurrean egingo dute ekitaldia. Ahaztuak-en esanetan, azken hilotako eraso faxistak argitzeko ere eskatuko dute, baita horien aurkako neurrian har daitezela ere.